Switch 2, PlayStation 5 eta PC gailuetara iritsiko da saga beteranoaren JRPG abentura, aurreko remake-ak iritzi bikainak batu ondoren.

Nihon Falcom estudioak eta GungHo Online Entertainment argitaletxeak Trails in the Sky 2nd Chapterren kaleratze data zehaztu dute: irailaren 17an estreinatuko da.

Plataformak ere baieztatu dituzte arduradunek: Switch 2 zein PlayStation 5 kontsoletan jokatu ahalko da, baita ordenagailuetan ere.

Azken urteotan sekulako oihartzuna izan duen saga izan arren, askorentzat ezezaguna izaten jarraitzen duen JRPG frankiziaren parte da Trails in the Sky. The Legend of Heroes jokoen azpisaga da. Hainbat ataletan banatuta badago ere, 2nd Chapter, izenak adierazi bezala, bigarren jokoa da; 2006ko Trails in the Sky SC-ren berregitea, hain zuzen.

Txandakako borrokak, narratiba sakona eta esploratzeko mundu zabala ikusiko ditugu JRPG klasikoen egitura jarraitzen duen remakean. Halere, dueluak biziberritzeko Crafts eta S-Crafts mekanikak aipatzen dituzte egileek; atal grafiko eraberritua ere ikusiko dugu, noski.

Iaz estreinatutako Trails in the Sky 1st Chapter-en pausoak jarraitzea da helburua, zale berriak nahiz beteranoak erakartzea lortuta. Izan ere, aurreko berregiteak ikaragarrizko balorazioak jaso zituen bai zaleen, bai prentsaren aldetik, urteko jokorik onenen artean kokatzea lortuta askorentzat.

Trails of Cold Steel nahiz Trails Through Daybreak sagak zein beste hainbat bideojoko berriago ikusi ditugu azken urteotan. The Legend of Heroes, baina, Dragon Slayer izenarekin jaio zen 1989. urtean. Trails in the Skyren berregiteak sagari ekiteko aproposak direla diote jarraitzaileek; are gehiago, Trails in the Sky 1st Chapterren demo luzea eskaintzen dute arduradunek.

Trails in the Sky 2nd Chapter Switch 2, PS5 eta PC gailuetan estreinatuko da irailaren 17an.