Game Erauntsia EHUko Kazetaritza sailak antolatutako Ziberkazetaritza kongresuan parte hartu du ‘Gazteentzako transmedia unibertsoa’ mahai inguruan.

Gazteen aisialdiaren kultur kontsumoak itxura desberdinak hartzen ditu eta transmedia narrazio zein esperientziak sare sozialei esker inoiz baino garrantzitsuagoak dira. Transmedia edukien inguruko gogoeta egiteko Euskal Herriko Unibertsitateko Kazetaritza sailak Gazteentzako transmedia unibertsoa mahai ingurua antolatu zuen Ziberkazetaritzaren Nazioarteko XIII Kongresuan.

Game Erauntsiko kide, ikerlari eta komunikazioan doktore Maitane Junguiturekin batera Josu Bilbao, Goiena komunikazio taldeko kazetaria eta Mikel Ayllon gidoilari eta EiTBko Daniel|a| unibertso transmediaren sortzaile nagusiak izan ziren. Irati Agirreazkuenaga EHUko ikerlari eta irakaslea izan zen mahai inguruaren gidaria.

 

Transmediaren aurpegiak

Bideo-jokoen transmedia izaera azpimarratu zuen Maitane Junguituk; izan ere, bideo-joko frankizia handiak daude, Pokemon esate baterako, istorio edo esperientzia berdina euskarri desberdinetan kontsumitzeko aukera eskaintzen: bideo-jokoak, errealitate aregotua telefonoetan, komikiak, filmeak, telesailak, karta-jokoak, jostailuak… The Witcher-en adibidea ere aipatu zuen, jatorrizko eleberriak bideo-joko itxura hartu zuelako, ondoren telesail bihurtzeko.

Horretaz gain Game Erauntsia Elkartearen komunitatearen ‘transmedia’ izaera aipatu zuen, euskara eta bideo-jokoak eduki desberdinak sortuz lantzen ditugulako. Albisteak, irratsaioa, gameplayak, zuzenekoak… betiere bideojokalari komunitateari euskaraz jarduteko espazioak eta edukiak sortuz. Zaleen arteko elkarrizketa, besteak beste Twitch-en bitartez, ezinbestekoa da.

Bilbaok Tapp aldizkari multimedia aurkeztu zuen, gazteentzat zuzenean mugikorrean kontsumitzeko sortutakoa. Goiena taldeak eduki berdinak euskarri desberdinetan zabaltzeko ahalegina egiten dutela adierazi zuen Bilbaok, besteak beste elkarrizketak 20 minutuko bideoetan, bideo-piluletan, podcastetan edota irakurtzeko formatuetan eskainita, sare sozialetako eztabaida sustatzearekin batera.

Ayllon gidoilariak EiTBko euskarrietan zabaldu zen Daniel|a| transmedia ikus-entzunezko produktua aurkeztu zuen. Hau EiTBek egindako lehiaketa baten ondorioa izan zen, websail bat ez, baizik eta produktu transmedia bat eskaini ziotelarik komunikazio taldeari. Podcast bat, kontzertu bat eta websail bat izan zen emaitza, errealitatea eta fikzioa nahastuz.

 

Ikus-entzunezkoak eta euskara

Euskarazko transmedia edukiak, hala nola orokorrean euskarazko ikus-entzunezkoak eta bideo-jokoak babesteko hainbat estrategia aipatu ziren. Esaterako, hiru hizlariek kultur-produktuak ekoizteko baliabide ekonomikoen beharra azpimarratu zuten. Instituzio publikoen babesa garrantzitsua da, baina pribatuena ere bai. Alabaina, produktuen kalitatea bermatzea beharrezkoa dela adierazi zen, tokian-tokiko ekoizpenak aldarrikatuz eta hauei lehentasuna emanez besteen produktuak euskaratzearen gainetik. Gure istorioak kontatu behar ditugu, gazteek atsegin dituzten gaiak aurkeztuz, edulkoratu gabe.

Ayllonen hitzetan, ekoiztu behar da, arrakastatsuak diren edukiak imitatuz bada ere, zintzotazunez jardunez. Bilbaok sortzaile gazteek euskararekiko duten begirunea aipatu zuen, hauei hauspotu behar direla gaineratuz. Nazioarteko plataforma digital handien erantzukizuna ere azaldu zen, 3000Twitz kolektiboak egindako eskaeraren harian, euskarari Twitchen ikusgaitasuna emateko, edota ikus-entzunezko sortzaile eta banatzaile handiei euskarazko ekoizpenak egin beharra eskatuz.

 

Bideo-jokoetako kazetaritza espezializatua

Mahai-inguruan parte hartzeaz gain Junguituk ‘Euskarazko kazetaritza espezializatuaren hutsuneak betetzen: bideo-joko iruzkinak’ izenburuko komunikazioa aurkeztu zuen. Lan honen bidez Game Erauntsiak kazetaritza espezializatuaren arloan egiten duen lana erakutsi zuen, zehazki, euskaraz bideo-joko iruzkinen idazketa sustatzeko eta euskarazko terminologia garatzearen garrantzia azpimarratuz.

Guztira 45 komunikazio aurkeztu ziren kongresuan, 3 euskaraz, ingeleraz eta portugesez eta gainontzekoak gazteleraz. Gai oso orotarikoak aurkeztu zituzten ikerlan hauek, beti ere kazetaritzaren baitan, esaterako slow journalism edo kazetaritza geldoa, ingurugiro eta gerra kazetaritza eta euskal hedabideen sare sozialen erabilera.