Leonard Menchiari eta Flying Wild Hog estudioa dira samuraien abentura honen arduradunak. 2022an estreinatuko da.
Ekainean egindako E3 azoka digitalean iragarri zuten Devolver Digital argitaletxekoek Trek to Yomi interesgarria. Samuraien abentura berezi honen gameplaya agerian jartzeko bigarren trailerra zabaldu dute orain.
Izan ere, jokoarengandik arreta erakartzen duen lehenengo atala estetikoa da. Akira Kurosawa zinemagilearen filmak gogora ekartzen dituen iruditegia izango da nagusi Trek to Yomi honetan: zuri beltzezko grafikoekin samuraien garaiko Japonia bisitatuko dute jokalariek bertan.
Baina trailerrak erakusten duen modura, jostagarritasuna nabarmentzekoa izango da baita ere. Bi dimentsioetako planoan jokatuko dela dirudi hasiera batean, baina hondoetara mugitzeko aukera egongo da Leonard Menchiari garatzailea Flying Wild Hog estudioarekin —Shadow Warrior berrien arduradunak, hain zuzen ere— elkarlanean sortzen ari den obran.
Borrokek, berriz ere, Kurosawaren filmetan ikusitakoak oroitaraziko dituzte. Mugimendu bakarreko katana arteko borroka bizi eta odoltsuak ikusiko dituzte jokalariek, ikusgarritasuna gailenduta. Hiroki samurai gazteak bere herria zein maite dituen pertsonak babesteko helburua edukiko du. Trailerraren bukaeran ikus daitekeenez, naturaz gaindiko elementuak izango dituela dirudi.
Eguna zehaztu gabe utzi duten arren, Trek to Yomi PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta PC plataformetan estreinatuko da datorren urtean; Xbox kontsoletan zein ordenagailuetan Xbox Game Pass —PCan, orain, PC Game Pass deitua— harpidetza zerbitzuaren baitan jokatu ahalko da gainera.
Iruzkinak