Leonard Menchiari eta Flying Wild Hog garatzaileen lana PC-ra eta PlayStation zein Xbox kontsoletara helduko da.

Azken E3 azokan ezagutzera eman zen indie interesgarrietako bat oso hurbil dagoela jakitera eman du Devolver Digital banatzaileak. Akziozko Trek to Yomi maiatzaren 5ean estreinatuko dute: Akira Kurosawa zuzendari japoniarraren filmeetako atal estetikoa egokituko du samuraien titulu honek.

Iragarpena jostagarritasun mekanikak sakon eta luze erakusteko balio duen hamabost minutuko gameplay bideoarekin egin dute. Zuri beltzezko abentura ederra izango da Trek to Yomi: Hiroki ezpatariarekin plano finkoduneko kokalekuetatik aurrera egin beharko dugu; bidean, nola ez, beste samurai eta gerlariekin duelu hilgarriak biziko ditugu.

Modu horretara, Kurosawaren akziozko eszenak gogora ekarriko ditu Leonard Menchiari garatzaileak Flying Wild Hog estudioarekin batera. Era batera, lehenengo Onimusha jokoetako jostagarritasunarekin antzekotasun handiak izango ditu Trek to Yomik… baita naturaz gaindiko ezaugarrien eta elementuen aldetik ere.

Mendebaldeko garatzaileek egindako proiektua izan arren, bikoizketa japoniarra edukiko du tituluak: animeen zaleek ondo ezagutuko dituzten bikoizlari ezagunak bildu dituzte, gainera. Masayuki Katou, Hiroshi Shirokuma eta Akio Otsuka —Metal Gear-eko Snake-n ahotsa, besteak beste— izango dira bideojokoan.

Itxura benetan berezia duen obra hau ordenagailuetan zein PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One kontsoletan kaleratuko dute; esan bezala, maiatzaren 5ean iritsiko da.