45 minutuko zuzenekoan “iragarpenak, jokagarritasun bideoak eta kaleratze datak” aurkeztuko dituzte. 40 bat estudio elkartuko dira.
Triple-i Initiative Showcase bueltan da, laugarrenez, indie bideojokoei zuzendutako emanaldi berezia eskaintzeko. Urriaren 8rako jarri dute hitzordua antolatzaileek.
18:00etan hasiko da: aditzera eman dutenez, 45 minutuko aurkezpena izango da aurtengoa. Aurreko zuzenekoetako formatua berreskuratuko dute; hau da, ez da betegarririk, aurkezlerik edo iragarkirik egongo, “iragarpenak, jokagarritasun bideoak eta kaleratze datak” baizik.
Bideojokoen zerrenda guztiz argitu gabe utzi badute ere —badakigu Militsioner egongo dela, eta Dave the Diver, Among Us, Chained Together, Brotato edo Risk of Rain 2 jokoen berritasunak aurreratu dira—, bertatik igaroko diren estudio independenteak zehaztu dituzte: 40 bat talde egotea aurreikusten da, tartean Amanita Design, Croteam, Innersloth, Team17 edo Nine Dots Studio agertuta.
Apirileko emanaldian, esaterako, Prove You’re Human edo Castlevania: Belmont’s Curse eta Over the hill igaro ziren zuzenekotik. Maila eta edukiak areagotzen doazen heinean, udazkeneko lehen proba hau oso erakargarria izango dela dirudi.
Urriaren 8an ikusi ahalko dugu Triple-i Initiative Showcase.
Lander Unzueta
Iruzkinak