Hainbat garatzaile eta estudio bideo-jokoen banatzailearengandik aldendu dira John Gibsonen hitzen aurrean desadostasuna adierazteko.

John Gibson Tripwire Interactive bideo-jokoen garatzaile eta banatzailearen presidenteak bere lanpostua utzi du Texasko abortuaren aurkako legearen alde agertzen adierazpenak egin ondoren. Orain arte enpresaren zuzendariorde lanak egin dituen Alan Wilson izango da presidente berria, enpresak prentsa ohar batean adierazi duenez.

Gibson “harro” agertu zen irailaren 5ean AEBtako Gorte Gorena hartutako erabakiagatik. Adierazpenek era guztietako erantzunak eragin zituen, horietako asko Tripwireri lotutako garatzaileenak eta estudioenak. Hori horrela, Killing Floor 2 eta Chivalry 2 bezalako bideo-jokoen arduradunak banatzailearengandik aldenduko zirela iragarri zuten erantzun modura.

“Ez dugu partekatzen Chivalry 2ren banatzailea den Tripwireko presidenteak txio batean adierazitako iritzia. Gure taldeak ez du bere ikuspegia partekatzen, eta ez da sortzen dugun bideo-jokoetan islatzen”, txiokatu zuten Torn Banner Studios-ekoek. “Adierazpenok emakumeen eskubideen alorrean pentsatzen dugunaren kontrakoak dira”.

Tripwirekoek zabaldutako oharrean barkamena eskatu dute enpresaren arduradunek: “John Gibsonek egindako adierazpenek bere iritzi propioa adierazten dute, eta ez dute islatzen Tripwire enpresa bezala. Bere iruzkinek gure taldearen, bazkideen eta komunitatearen balioak baztertzen dituzte”.

Ez hori bakarrik, zuzendaritza taldearen eta langileen arteko bilera irekia egingo dutela adierazi du Tripwirek lantaldearen eta bazkideen kexak eta iradokizunak entzuteko.

Lan akordioak alboratzeko erabakia hartu zuten garatzaileak oraindik ez dira mintzatu Tripwire Interactiveko zuzendaritza taldean egindako aldaketengatik.