Tuniceko azeritxo protagonista lehenengoz ikusi nuenean argi geratu zitzaidan abentura txikiaren zein ederraren aurrean nengoela. The Legend of Zelda zaharren bidea jarraitzen duela zirudien, ikaragarri beraz: esplorazio kutsu klasikoa zeukan zerbaiten hutsunea sumatzen nuen. Dena dela, horretara mugatzen den klon hutsala al da Andrew Shouldice garatzailearen titulua?

Azalpen handirik eman gabe abiatzen den istorioa da Tunicena. Kontrolatuko dugun azeri abenturazalea hondartza ñimiñoan esnatuko da: ez dakigu nola iritsi den horra, ezta bere asmoak zeintzuk diren ere. Gauza bera gertatzen da kontrolekin eta abileziekin, botoiak probatuz ezagutu beharko baititugu, tutorial neketsurik gainditu gabe.

Hasiera batetik askatasunez ibiltzea ahalbidetuko digu jokoak; ez dugu jakingo nora joan behar garen, baina gure esku egongo da irits gaitezkeen tokiak esploratzea eta bide berriak aurkitzea.

Denbora askorik galdu gabe, baina, eskuratuko dugu jokoko lehen objektua: etxe-kobazuloan dagoen altxor kutxan makilatxoa jasoko dugu. Ez dago “arriskutsua da bakarrik ibiltzea, har ezazu hau” dion agurerik, baina misterio kutsua hor dago. Nora jo behar dut orain? Zein da helburua?

Ikuspegi isometrikoarekin —ez da erabaki artistiko hutsa, jokagarritasunari eragiten diona baizik— lurraldea esploratzeari ekingo diogu. Ez dago biztanle baketsurik, beraz borrokak baino ez ditugu biziko. Dark Souls estilokoak direla esan daiteke, hein batean: arerioak kolpekariarekin finkatuko ditugu, eta hauen inguruan kolpeka nahiz erasoak saihesteko itzulipurdika ariko gara, sasoi barra eta guzti.

Lehen dueluak tentsioz betetakoak izango dira. Estu eta larri ariko da gure azeritxoa makilarekin kolpeka, nekatu aurretik hiru-lau txilinbuelta emanez. Arreta galduz gero, etsaiek ez dute ahalegin handirik beharko gu akatzeko, nahiz eta hauen erasoak sinpleak eta erraz irakurtzekoak izan.

Zailtasun maila, behintzat, hiltzerakoan jasotako zigorrak leuntzen du: diru pixkat baino ez dugu galduko, eta hori hildako lekuan utzitako oihartzuna edo espiritua ukituz berreskuratuko dugu. Azkenean, gogorrena berriz bide berbera egitea izango da, hildako arerioak berpiztuz.

Laster batean istorioaren lehen zertzeladak ezagutuko ditugu. Urrezko ate erraldoiarekin topo egin, eta gure protagonistak begitazioa izango du honen argiak pizterakoan. Azeri heldua ikusiko du bertan, harrapatuta: hau salbatzeko beharrezkoak egiteari ekingo diogu.

Esan bezala, ez dugu jarraibideak eskainiko dizkiguten bizilagunik aurkituko; are okerrago, Tunicen munduko testu gehiena errunaz osatutako hizkuntzan dago. Ulertezina, itxura batean, guretzat.

Testuen hitz bakarti batzuk, behintzat, gure hizkuntzan irakurriko ditugu, auskalo zergatik —gurean diodanean, euskaraz esan nahi dut, Ibai Oihangurenek egindako itzulpen bikainari esker—, eta horiek bideratuko gaituzte abenturan: munduan zehar sakabanatutako kartelek eta ikurrek mapako kokaleku desberdinetara gidatzeko balio dute.

Mundua zeharkatzen hasita, arestian aipatu modura, Zelda zaharren bidea jarraitzen dituen bidaiak biziko ditugu. Puzzleak egon badaude Tunicen —geroxeago hitz egingo dugu horiei buruz—, baina nagusiki borrokak eta esplorazioa dira ardatz: arerioz betetako guneak sekretuz josita daude, askotan, ikuspegi isometrikoak maisukiro ezkutatuta.

Dirua, bizitza berreskuratzeko “estus” botilaren zatitxoak, dendak eta gure bidaia errazteko lagunduko diguten bestelako objektuak aurki ditzakegu, ondo bilatuz gero. Objektu batzuk pixkat soberan geratuko badira ere, orokorrean esplorazio grina ondo saritzen daki jokoak, eta aurkikuntza bakoitza ospatu egingo dugu.

Laster batean hasiko gara objektu nagusiak aurkitzen: makila mengela ezpata zorrotzarengatik ordezkatuko dugu, eta erasoez babesteko ezkutu fidelak bizitza behin baino gehiagotan salbatuko digu. Fantasia jokoetan ohikoak izaten diren bestelako item-ak ere eskuratuko ditugu; borroketara bideratutakoak dira gehienak —bonbak edo erasoa nahiz defentsa areagotzeko kartak, esaterako— baina, askotan, mapako bideak zabaltzeko balioko dute.

Ziegak edo tenpluak aurkituko ditugula esan daiteke, jokoko erronka nagusienak osatuz. Hala eta guztiz ere, ez dira mundu orokorreko egituratik askorik aldentzen; asko jota, etsai gogorragoak eta guneari amaiera ematen dion buruzagia aurkituko ditugu ziegotan. Etsai nagusien kontrako borrokak dira, zalantzarik gabe, Tuniceko zailenak, eta ziurrenik hainbat saialdi egitea eskatuko digute.

Aipatutakoek osatzen dute Tunicen hezurdua: agerikoa den bezala, akziozko abentura sinplea da Tunic Team estudioak eratutakoa. Baina… askoz gehiago da.

Azalean aurkituko duguna hasiera baino ez da. Tunicen bigarren geruzak kutsu guztiz desberdina hartzen du, puzzleak eta sekretuak nagusituz: ez da erraza analisian bide honi ekitea spoiler-en eremuan sartu gabe. Deskribatutako jokoak zure arreta erakarri badu, edo analisia irakurri aurretik abenturan barneratzeko asmoa eduki baduzu, ez ezazu gehiago irakurri.

PCko bertsioan jokatzen dutenek jasoko dute, ziurrenik, Tunicen sabelean dagoenaren lehen aztarna. Secret Legend izenaz bataiatzen du programa Shouldice sortzaileak: kondaira ezkutua, alegia.

Tunicen berezitasun nagusia munduan zehar sakabanatutako eskuliburuko orrialdeak dira. Objektu preziatuok abentura hasieratik aurkitzen hasiko gara. Bideojokoen kaxetan zetozen argibideen eskuliburuen tankerakoa da: ez dauka zentzurik, baina fantasiazko unibertsoan benetako munduan egon beharko litzatekeen objektua osatuko dugu.

Oinarrizko kontrolak, helburuak, munduko mapa, istorioaren zertzeladak… beste edozein jokotako gidan aurki ditzakegun elementuak biltzen dira liburu digital honetan. Irudiz, testuz —errunekin, hori bai!— eta gomendioz betetako liburuxka ederra da, fisikoki edukitzeko gogoa ematen duten horietakoa.

Lehen Tunicek ez digula kontrolik ez mekanikarik irakasten aipatu dut, baina ez da guztiz egia: gidako orrialdeetan sakabanatuta abenturan aurrera egiteko nahitaezko mekanikak zein bestelako misterioak argitzeko jarraibideak daude. Gure esku egongo da liburua irakurtzea eta azeritxoaren abilezia guztiak erabiltzen ikastea.

Gozamen hutsa da lehen pausoak ematen hasterakoan argi eta garbi ikusten zenituen altxorretara nahiz guneetara horrenbeste ordu igaro ondoren iristea. Halako momentu asko eskaintzen ditu Tunicek: Link heroiaren abentura originalean gertatzen ziren uneak gogorarazten ditu horrela, hainbat astez sekretu bakarra argitzen emandako buruhausteen nostalgia berreskuratuz.

Eskuliburuaren sekretuetan jokoaren bigarren geruza dagoela esan dezakegu, hortaz… —berriro, adi spoilerrei— hasiera batean eman dezaketena eta gehiago ezkutatzen dutela ikusten hasi arte.

Abentura nagusia gaindituta eduki arren, mundua objektu eta gune misteriotsuz josita dagoela ohartuko gara gure bidaietan: itxitako ateak, erabilerarik gabeko item bitxiak, testuetan behin eta berriro aipatzen diren gurutze sakratua edo urrezko bidea, maitagarriak… Zer demontre dira hauek guztiak eta nola erabil-aurki ditzaket?

Misterio guztiak argitzeko zulo sakon eta ederrean murgildu nintzen behin honetaz konturatuta. Une horretan, Tunic Fez bezalako jokoan bihurtzen da. Gidaliburuak hasiera batetik daukan meta kategoria hori joko guztira hedatzen da, dimentsioetatik haratago doazen argibideekin eta konponbideekin. Arkatza eta papera eskuan hartuta nostalgia kutsu ikaragarria duten misterioak argituko ditugu.

Argi esan beharra dago kondaira sekretua aurkitzea ez dela batere erraza izango. Nire kasuan, dagoeneko jokoa gaindituta zeukan adiskidearen aholkuak eta laguntza jaso ditudala aitortzen dut; bere gidaritzari esker begi bistan zeuden gakoez ohartu naiz.

Azkenean, altxor handienek gozamena dakarte, baina aurkikuntza txikiek ere bai. Hainbat egun argitzen emandako puzzle erraldoi eta misteriotsua argitzeak ikaragarrizko lasaitasuna emango dizu, baina antzeko poztasuna emango dizu eskuliburu maitatura orrialde preziatua gehitzeak. Horretaz baliatzen da Tunic: edozein garaipen, txikia bada ere, asebetetzekoa da.

Grafikoei dagokienez, mundu ederra sortu dute Shouldicek eta bere taldekideek. Ikuspegi isometrikoari esker jostailuz osatutako diorama ikusgarriak zeharkatzen gabiltzala irudika dezakegu. Kokaleku anitzak daude, eta zenbaitek antzeko testuingurua partekatzen badute ere, bakoitzak bere nortasuna dauka.

Kamera hurreratzen denean, zoritxarrez, xarma desagertzen hasten da, modelo sinpleak eta kalitate urriko testurak agerian jarrita. Dena den, ulertzekoa da indie talde txikia izanik, eta ez dugu grafiko hobeen beharrizanik edukiko.

Bideojoko txikia, berezia, xarmagarria, eta, hein batean, oso zaila da Tunic. Abentura joko klasikoa bilatzen dutenek gozatu egingo dute bere proposamenarekin; benetako publikoa, baina, puzzle korapilatsuen zaleen artean dauka, horiek baitira jokoaren % 100 gainditzeko argitu beharrekoak. Andrew Shouldice sortzaileak abenturazale asko harrapatuko dituen lana osatzea lortu du bere lehen bideojoko handiarekin.