The Legend of Zelda klasikoak gogoraraziko dituen abentura koloretsua prestatzen ari da Andrew Shouldice garatzailea.

Tunic 2017ko E3 azokan egindako PC Gaming Show aurkezpeneko izarretako bat izan zen. Ordutik hona jokoari buruzko berri gutxi jaso dituzte jarraitzaileek, baina zorionez hainbat demo probatzeko aukera eduki dute. Demoak ahazteko ordua iritsi da, baina: 2022ko martxoaren 16an estreinatuko da abentura joko polit hau.

Andrew Shouldice garatzaileak abiarazitako proiektuak Finji estudioko sortzaileak bildu ditu The Legend of Zelda klasikoetako mekanikak eta jostagarritasuna biltzen dituen joko ederra egiteko. Hori horrela, esploratzeko mundu koloretsua zein bertako ziega ilunak zeharkatu beharko ditu azeritxo protagonista ausartak. Bidean hainbat tresna eta arma aurkituko ditu; hauekin leku gehiagotara iritsi, eta etsaiak errazago akatuko ditu.

Ikuspegi isometrikoarekin, Dark Souls-etan ikusitako borrokak gogora ekarriko ditu jokoak: zailak izango dira, erronka hutsa; erasoak ondo saihesten ikastea ezinbestekoa izango da arerioak gainditzeko.

Aipatutako demoak oraindik jaitsi daitezke, gainera: Steam saltokian dago PC-ko jokalarientzat; Xbox-eko jokalariek probatzeko aukera dute webgune ofizialetik. PCko demora jokatu genuen Game Erauntsian udazkeneko Steam Next Fest ekimenean: jokoari buruz hitz egin genuen beste demo batzuekin batera artikulu sakon batean.

Izan ere, plataforma horietan merkaturatuko da Tunic martxoaren 16an: PCan zein Xbox kontsoletan eskuratu ahalko da Finjiren bideo-jokoa.