Hugecalf Studios indie garatzailearen lanak zortzi gidari jarriko ditu golf zelai erraldoietan lehiatzen.

Rocket League ezagunak lortutako arrakasta erraldoiaren ondoren ez da harritzekoa antzeko oinarriak dituzten bestelako tituluak ikustea. Hau da, hain zuzen ere, iragarri berri den Turbo Golf Racing interesgarriaren kasua: autoak futbolarekin, saskibaloiarekin edo hockeyarekin nahastu beharrean, izenak adierazten duen modura golfarekin bilduko ditu jokoak.

Future Game Show aurkezpenaren udako saioaren baitan erakutsi dute Hugecalf Studiosekoek beren proiektu berria. Zortzi jokalarik beren golf pilota helmugako zulora eraman beharko dute kotxeak gidatuta; nola ez, era guztietako objektu eta mekanika zoroak ikusiko ditugu obra honetan: turboak, kanoiak, suziriak eta askoz gehiago erabiliko dituzte jokalariek.

Psyonix-en joko ospetsuan gertatu modura, autoak pertsonalizatzeko aukera sorta zabala egongo da: karrozeria, gurpilak, aleroiak, koloreak eta askoz gehiago aldatu ahalko dira, gure bolidoa nahi bezala edukitzeko. Horiez gain turboak zein objektuak aldatuko dituzte nukleoak aldatu ahalko dira: modu horretara abilezia desberdinak lortuko ditugu.

Golf zelai desberdinek gatza eta piperra emateko balioko dute, noski. Girotze, oztopo eta helburu anitzak ikusiko ditugu Turbo Golf Racingeko kokalekuetan. Ez hori bakarrik: autoek hegan egin dezakete. Bertikaltasuna izango da tituluaren beste gakoetako bat beraz.

Argitaratze datarik zehaztu gabe, Hugecalfekoek “laister” kaleratuko dutela aditzera eman dute. Plataformak, ordea, bai baieztatu dituzte: PC-an zein Xbox kontsoletan merkaturatuko dute Turbo Golf Racing. Are gehiago, Game Pass harpidetza bidez jokatzeko aukera egongo dela ziurtatu dute. Beta fasea iragarri dute, gainera: izen ematea irekita dago jada.