Ezeztatutako edo moldatutako proiektuetako langileak izan omen dira eragindakoak.
Ubisoftek Kanadako estudio nagusietan kaleratzeak iragarri ditu. Zehazki, Ubisoft Montreal eta Ubisoft Quebec bulegoetako 166 langile kanporatu ditu.
“Gure portfolioa eboluzionatzen doan heinean, gure ekoizpen beharrak aldatzen dabiltza, talde batzuen dimentsioak doitzea eskatuz, gure baliabideak egungo ekoizpen lehentasunekin eta negozio beharrekin alineatuta daudela baieztatzeko”, adierazi du Ubisofteko ordezkarietako batek.
IGN agerkarian aditzera eman dutenez, ordea, kaleratutako langileak Ubisoftek ezeztatutako edo moldatutako proiektuetako lantaldeetako kideak ziren; aldi berean, proiektu aktiboen kopurua beherantz egiten duela, lantaldeak ere murrizten dabiltzala nabarmentzen da.
Assassin’s Creed edo Far Cry bezalako erraldoiak garatzeaz arduratzen ziren talde nagusiak ziren Kanadan kokatutako Ubisoften lantaldeak. Egoera ez da samurra enpresa frantsesan: urte hasieran ere hainbat kaleratze gauzatu zituen Ubisoft Halifax taldea itxita, eta Ubisoft Stockholm zein Massive Entertainment lantaldeak murriztuta.
Ubisoft Bartzelona osoa, greban
Hurbilago, Bartzelonako Ubisoft Consolas zein Ubisoft Mobile lantaldeetako kideek grebak iragarri dituzte egunotan. Bideojokoaren Koordinatzaile Sindikalak (CSVI) baieztatu duenez.
Mugikorretarako jokoen taldeak abuztu bukaeran ekin zion grebari; kontsoletako jokoen garatzaileak asteon, azaroaren 17an, batu zaizkio. Bulegoetan manifestazioak eta protestak burutzen dabiltza, eta, irailetik, hilabetero sei egunetan grebak egiten dituzte langileek.
Helburua langileen eskakizunak indartzea da: alde batetik, Ubisoftetik lan presentziala derrigortu nahian dabiltza, telelana alboratuz; bestetik, langileek soldatak izoztuta eduki dituzte azken urteotan. Egoera aldatzeko batu dira bi taldeak.
Lander Unzueta
Iruzkinak