Desagertutako Skull and Bones izango da ekimeneko erabateko protagonista. Irailaren 10ean bigarrena egingo dute: hainbat joko erakutsiko dituzte.

Ubisoftek bere ekitaldi handien itzulera iragarri du: Ubisoft Forward bakarra iragarri beharrean, bi aurkezpen egingo dituela ezagutzera eman du. Lehena bihar bertan eskainiko dute, gainera.

2017. urtean iragarritako Skull and Bones ikusteko aukera edukiko dugu bertan. Askok dagoeneko galdutzat ematen zuten piraten bideojoko multijokalaria; ez da harritzekoa, era guztietako oztopoak bizi izan baitutu bere garapenean. 2018 bukaeran estreinatu behar zen, eta ordutik hona hainbat atzerapen jasan ditu. Honi buruz entzun genuen azkenenengo biderra iaz izan zen: 2022ko apiriletik aurrera kaleratzeko asmoa adierazi zuten bertan, baina bestelako bideorik edo irudirik erakutsi gabe.

Tira, hori guztia aldatu egingo dela dirudi. Ubisoft Forward Spotlight On Skull and Bones aurkezpena bihar 20:00etan hasiko dute enpresaren kanal desberdinetan. Aurrerapen txiki bezala, irudi berri bat ikusi dugu —gutxi da, baina horrenbeste urtez ezer ikusi gabe egon ostean, sekulako albistetzat har dezakegu—.

Filtrazioen eta zurrumurruen arabera, azaroaren 8an kaleratzeko asmoa dute frantsesek. Suposatzekoa da biharko ekimenean ezagutuko dugula argitaratze data ofiziala, jokagarritasun bideoekin eta azalpenekin batera.

Esan bezala, baina, bi aurkezpen baieztatu dituzte: bigarrena irailaren 10ean egingo dute, 21:00etan. “Ubisoften mundu osoko taldeen bideojokoen eta proiektuen berri” emango dute bertan. Protagonista nagusia Assassin’s Creed izango dela suposatzekoa da. Zergatik? Ubisoften frankizia nagusiak hamabost urte beteko ditu irailean. Hortaz, atal berriren bat —remake bat, agian?— ikustea espero da.

Momentuz Skull and Bonesen ekimenarekin konformatu beharko gara. Gogoratu: bihar 20:00etan hasiko da.