2020an abiarazi zuten tiro jokoa Ubisoften Montrealgo estudioek. Dirudienez, ez du lortu esperotako arrakasta.
Mezu motz batekin iragarri dute Ubisoftekoek beren lehen battle royale jokoaren patua: Hyper Scapek apirilaren 28an agur esango du. PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One plataformetarako kaleratutako jokoaren zerbitzariak itxiko dituzte egun horretan.
“Hyper Scapen garapena bukatu eta jokoa apirilaren 28an ixteko erabaki zaila hartu dugu”, diote Ubisoft Montrealeko arduradunek enpresaren webgunean. “Tiroketa bertikalen, gorputzez gorpuzkoen eta azkarren esperientzia sortzeari ekin genion, eta komunitateari gurekin bidai honetan izatea eskertu nahi diogu”. Etorkizunera begira jarri dira, dena den, hobetzeko asmoarekin: “Joko honetan ikasitako lezio nagusiak hurrengo proiektuetara eramango ditugu”.
Ibilbide motza izan ez duen arren, argi dago jokalarientzat obra ezezaguna dela Hyper Scape. 2020ko ekainean iragarri zuten Montrealgo Ubisoften estudioak; hilabete beranduago estreinatu zen. Battle royale honen berezitasunetako bat Twitch-era zuzenduta dagoela da: zuzenekoetako ikusleek parte hartzeko aukera dute, jokalariei objektuak eta bestelakoak bidalita.
Ordutik hona eduki gutxi atera dituztela nabarmentzekoa da; izan ere, azken eguneraketako iazko apirileran kaleratu zuten, eta ordutik hona garatzaileak isilik egon dira.
Iruzkinak