Clone Engine erabilita zaleek egindako mod erraldoia da. Nero, Dan, Gene eta Thing iragarri dituzte.

Taldekako borroka jokoen artean nagusi izaten jarraitzen du Ultimate Marvel vs Capcom 3k. Jatorriz 2011. urtean argitaratutako tituluak ehundaka jokalari biltzen jarraitzen du, komunitate sendoa mantenduta. Horren adierazle da gaur egun mod-ak sortzen ari diren garatzaileak. Hainbat bat egin dute Community Edition izeneko eraldaketa handia prestatzeko: 50 bat borrokalari inplementatuko dituzte.

Lehenengoak ezagutzera ematen hasteko aurkezpen bideo berezia prestatu dute arduradunek. Hasteko, aurrerapentxoren bat edo beste egin dute: Captain Commando, Ken, Sakura, Psylocke, Rashid, Thanos, Spider-Gwen eta gehiago erakutsi dituzte pertsonaien zerrendan.

Hauen irudi gutxi azaltzen badira ere, lau borrokalari aukeratu dituzte modak ekarriko dituenak agerian jartzeko. Lehenik eta behin, Street Fighter sagako Dan ezaguna dugu; bigarrenik, Lau Izugarriak taldeko Thing arrokatsua iritsiko da UMVC3ra; hirugarrenik, Devil May Cry sagako protagonista berria, Nero, dago; azkenik, PlayStation 2 kontsolan kaleratutako God Hand ikaragarriko Gene gehitu dute.

Bideo bukaeran, berriz, aurrerapen txikiak egin dituzte: X taldeko Bihurri, Darkstalkers borroka jokoetako Jon Talbain nahiz MvC2ko Ruby Heart pirata aipatzen dira. Ez hori bakarrik, beste hiru pertsonaiaren siluetak jarri dituzte; komunitateak argi dauka Mega Man-go Wily zientzialari maltzurra eta Magma Dragoon zitala nahiz Spider-Man heroi araknidoaren punk bertsioa direla.

Borrokalari bakoitza sortzaile desberdinak egindakoa da. Berezko erasoak, animazioak eta soinuak dituzte; oreka lana ikustekoa izango da, baina oraingoz itxura aparta daukatela esan beharra dago.

Ikusten den modura, modekin edozer sor dezakete, baina Marvel eta Capcom etxeetako pertsonaietara mugatzea erabaki du garatzaileen taldeak. Modak sortzeko orain gutxi argitaratutako Clone Engine tresnaz baliatu dira; honi esker borroka jokoaren mod egoera zeharo aldatu da, ezaugarri berriak modu errazagoan inplementatzea ahalbidetuta.

Erakutsitakoak “laster” kaleratuko dituztela agindu du komunitateak, argitaratze datarik zehaztu gabe. Nola ez, Ultimate Marvel vs Capcom 3ren PC-ko bertsioan gaineratu ahalko ditugu aldaketok eta berritasunok.