DLCko borrokalariak sortu ondoren Super Smash Bros. Ultimate "ia bukatuta" egongo dela adierazi du bideojokoaren arduradunak.

Masahiro Sakuraik Famitsu aldizkari japoniarrerako idatzitako zutabe batean adierazi duenez, "Super Smash Bros. Ultimateko bigarren Fighter Passeko borrokalariak jokoak hartuko dituen azken gehigarriak" izango direla adierazi du.

Horrela, DLCen bigarren txandako gehigarriak prest dituztenean Ultimate "ia bukatuta" egongo dela azaldu du Sakuraik bere testuan. Lehen Fighter Passarekin gertatu modura, DLCak bukatzeko "urtebete inguru" beharko dutela azpimarratu du.

Oraindik ez dute zehaztu nortzuk izango diren pertsonaia berriak; Fighter Pass Vol. 2ak sei borrokalari izango dituela adierazi dute soilik. Ohi bezala borrokalari bakoitza eszenario eta abesti propioekin iritsiko da.

Sakuraik dioenez, "eduki berriak pixkanaka gehitzen joateak Smash Bros. Ultimateren bizialdia luzatzeko balio du", eta hori kontuan hartuta "azken sei borrokalariak sortzerakoan den-dena ematea" da sortzailearen helburua.

Borrokalariak nortzuk izango diren erabakitzea "Nintendoren esku" dagoela azaldu du Smash Brosen arduradunak: "Nintendok pertsonaiak proposatu egiten ditu, eta nik horiek onartu egin behar ditut". Adostasunik ez izanez gero, pertsonaiak "bertan behera" geratzen dira.

Super Smash Brosen etorkizuna
 

Super Smash Brosen etorkizunari buruz hitz egiteko ere aprobetxatu du Sakuraik. Sortzailearen arabera oraindik ez dago argi SSB gehiago egongo diren: "Nintendoko arduradunak eta ni ez gaude Smashen joko berri batean pentsatzen une honetan". Hala ere, Smash Bros. berri bat sortuko balute, "Ultimatek baino eduki gutxiago" izango zuela dio jokoaren arduradunak.

Urtarrilean lehenengo Fighter Passaren azken pertsonaia argitaratu zuten, Fire Emblem Three Houseseko Byleth. Lehen DLCen bilduma bost borrokalarirekin osatu zuten.