Origame Digital-ek garatzaile lanak egin zituen eta argitaletxe lanak zenbait kasutan, beste kasuetan, Playism argitaletxeak egin zituelarik. 2020ko maiatzean Windows plataformarako argitaratu zen, 2021eko ekainean Nintendo Switch-erako eta 2022ko maiatzean Xbox One-rako. 2024an Playstation 4rako eta PlayStation 5erako kaleratu da, baita Playstation VR2rako zein Meta Quest-erako errealitate birtualeko bertsioak ere.
Lehen pertsonan jokatzen den argazkilaritza bideojokoa da. Oinarrizko jokoaz gain, Macro izena duen eduki jaitsigarri bat dago eskuragai, zenbait bertsiotan zuzenean bi osagaiak batuta saltzen direlarik.
"Kakaztutako" etorkizunean argazkilari
Umurangi Generation-eko gertakizunak Tauranga hirian garatzen dira, Zeelanda Berrian (Māori hizkuntzan Aoteraoa bezala izendatzen dutena). Izan ere, jokalariak kontrolatuko duen protagonista Tauranga Express enpresako mezulari edo garraiatzaile bat izango da.
Bidaltzen duten toki bakoitzean eskatu dizkioten gauzen argazki bana atera beharko du gutxienez. Zenbait kasutan, argazki hauek baldintza bereziak bete behar izango dituzte, argazki kameraren objektibo edo lente jakinen bat erabiltzea adibidez. Bere munduko giroa erakusterakoan, etorkizunaren ikuskera negatiboa duen bertsio bat azaleratuko digu Umurangi Generation-ek, egileak dioen bezala, Taurangaren “shitty future” bertsioa erakutsiz.
Bideojokoak modu sotilean eta pausuz pausu ezagutarazten digu gertatzen ari dena. Horretarako, iturri bakarrak kokaleku bakoitzean ikusten duguna eta hormetan topatuko ditugun idatzizko informazioak izango dira. Ez dago beste pertsonaiekin gertatzen den elkarrizketarik.
Hori dela-eta, jokalariak zeharka jasotzen du Umurangi Generation-en istorioa, bere zereginak egiten doan heinean. Kontestuari buruz jakin nahi izanez gero, irakurri hurrengo paragrafoa, “istorioa” izorratzeko arriskuak direla eta, badaezpada saihestu nahi baduzu, segi hurrengo paragrafoa irakurri gabe.
Zenbait kasutan argazkilariaren lagun minak harrapatuko ditugu argazkietan.
Karabela portugesaren motako marmoka itxura duten alienen etorrerari aurre egiteko, Nazio Batuen Erakundeak soldaduak ezarri ditu Aoteraoa osoan. Herrialdeak pairatzen duen inbasioari NBEko soldaduen okupazioa gehitu behar zaio, gizarteak sufrituko duen suntsiketa areagotuz. Bidean, aipatutako marmokak diruditen alienak, soldaduen indarkeria, Kaiju munstroak, Neon Genesis Evangelion gogorarazi dezaketen robot gerlari erraldoiak ikusi ahal izango ditugu indarkeria bidezko gatazkari dagokionean.
Gizartearen atalean, cyberpunk ukituak dituen gizarte modernoa eta gaur egungo ingurugiroak nahasten dira, hondamenaren aurrean droga, plazer eta teknologiaren erabilera hedonistan murgilduko diren pertsonak aurkituko ditugu.
Jokoa orokorrean modu oso lasaian garatuko den argazkilaritza abentura dugu. Kameraren bidez irudietan harrapatu beharreko zenbait objektu edo pertsona izango ditugu maila bakoitzean.
Argazkietan atera beharrekoak non dauden jakinez gero, erraza da mailak azkar bukatzea.
Tutorialaren bidez kontrolak nola maneiatzen diren ikasiko dugu, ia gehiena oso intuitiboa den arren. Gure reflex estiloko kamera digitalean nola fokuratu eta argazkia nola atera erraz ulertuko dugu. Kamera alde batera zein bestera nahi dugun beste gradu nola okertu ere bai. Argazkiaren zooma hurbildu eta urruntzeaz gain, eskuz behar bezala enfokatzen ikasi beharko dugu. Pertsonaia makurtzea, jauzi egitea, objektuak jasotzea eta bestelakoak nola egiten diren ulertu ondoren argazkien balorazio sistemari buruz mintzatuko zaigu jokoa.
Zenbait kasutan, argazki hauek baldintza bereziak bete behar izango dituzte, argazki kameraren objektibo edo lente jakinen bat erabiltzea adibidez.
Artea gai oso subjektiboa izanik, Umurangi Generation-ek ingeleraz 3C-ak deritzon sistema aplikatzen du (Color, Content and Composition). Koloreak argazkian adieraziko diren koloreei egingo die erreferentzia, zenbat eta gehiago hobeto, baina kolore eza ez da askorik zigortuko.
Edukiak, irudian agertaraziko ditugun objektu edo bizidunei buruz dihardu, gauza bitxiak erakustea sarituko da, baina kontrakoa ere onargarritzat joko da. Amaitzeko, konposizioak argazkia ateratzeko modua neurtzen du, erabilitako objektiboa, agertzen den gauza kopurua, hauekiko distantzia edota pikatu bat edo kontrapikatu bat egin badugu adibidez.
Argazkietan ez harrapatzeko eskatzen zaigun gauza bakarra marmoka itxuradun izaki batzuk dira, karabela portugesak diruditenak hain zuzen. 3C-en sistemak gure argazkiak era sinple batean ebaluatzen ditu eta bakoitzarengatik jasoko dugun dirua ezartzen du. Aipatutako marmoken kasuan kontuz ibili beharko gara, argazkian agertuz gero, dirua eman ordez, kendu egingo baitigute.
Maila batzuek kolore nahasketa interesgarriak dituzte, gainera, argazkien koloreak doitu daitezke.
Umurangi Generation-en oinarrizko edukian argazkiak ateratzeko aproposak diren zortzi maila edo misio arrunt daude. Ondoren, jokoari bukaera ematen dion maila oso labur bat dago. Macro izeneko eduki jaitsigarria erosita baldin badaukagu, ostean, beste lau maila agertuko zaizkigu, arruntak baino zertxobait handiagoak direnak. Mailak banan-banan agertzen dira eta ezin da beranduago datorren maila batera sarbidea lortu, aurretiaz datorren maila ondo bukatu arte.
Maila guztiek helburu sistema berbera erabiltzen dute, zenbait eskakizun bete behar dituzten argazkiak egitea. Adibidez, argazkian bi katu, eskuan edalontzi bat duen emakumea edo hitz jakin bat erakusten duen argazkia sortu beharko dugu.
Orokorrean, maila bakoitzak bere helburuak izaten ditu. Hauek betetakoan, sortutako argazkiak kokalekuaren toki jakin batera eraman beharko dira, maila hori bukatutzat eman ahal izateko. Honekin misio horren oinarrizko saria jasoko dugu eta hurrengo maila abiarazteko baimena ere bai.
Egoera latzean egon arren, jendeak badaki plazerrerako uneak aurkitzen.
Hala ere, maila bakoitzak harago doazen helburuak ere badauzka. Oinarrizkoez gain, hauek ere betetzen baditugu, sari gehigarriak lortuko ditugu. Helburu hauek sarritan errepikatzen dira: argazkiak ateraz diru kopuru bat lortzea, postal bateko argazki baten kopia zehatza egitea, protagonistaren lau lagunak argazki bakar batean harrapatzea, kokalekuan barreiatuta dauden argazki-filmak aurkitzea eta maila osoa 10 minutu baino lehen bukatzea.
Sari bezala lor daitezkeen zenbait tresna oso interesgarriak izango dira eta oinarrizko helburuengatik emango dizkigutenak ezinbestekoak. Hurrengo misioetan behar-beharrezkoak izango direnen artean argazki makinarentzako objektibo berriak daude: urrunetik argazkiak ateratzeko teleobjektiboa, angelu zabalekoa, arrain-begiarena…
Mailaren batean, oinarrizkoez gain, hautazkoak diren helburua guztiak betetzen baditugu, automatikoki enfokatzeko gaitasuna edo kamerarentzako flasha bezalakoak lortuko ditugu.
Kaleko artea, grafitiak eta desobedientzia zibila landuko dituen gaietako batzuk dira.
Estetika, erritmo eta istorioa helarazteko modu bitxi horiek...
Umurangi Generation-ek asko lortzen du baliabide nahiko xumeekin. Jokoaren zehaztasun grafikoa ez da beste joko batzuek erakusten dutenarekin alderagarria, baina bere irudi estiloak duen izaera bereziarekin orekatzen du. Pertsonaien aurpegiak eta sudurrak adibidez, ez dira zehatz eta estilizatuenak baina pertsonaia zein toki oso bitxiak aurkeztuko zaizkigu, beste jokoetan erraz aurkituko ez ditugunak. Kokalekuak maila batean nahiko anitzak dira eta aro garaikidea zein etorkizuneko gizartearen arteko nahaste bat islatuko dute.
Gaur egun erabiltzen ditugun tresnak neoizko irudi eta janzkera deigarriekin batera agertuko zaizkigu. Arlo kulturalean, Aoteraoako Māori jatorriko irudiak, soldaduen okupazioaren aurkako esaldi zein grafitiak eta Nazio Batuen Erakundearen aldeko propagandaren mezu globalistak gatzatuko dira gure inguruan.
Soinu aldetik, doinu kaletar sinple eta lotsagabeek gidatuko gaituzte. Misio guztietan irrati bat sintonizatzeko ahaleginetan dabiltzan interferentziek emango digute hasiera eta ondoren datorrena ausazkoa irudituko zaigu, izan sampler batek sortutako doinu sinplea zein esaldi probokatzailez betetakoa.
Kasu batzuetan neoizko argiek eta holografiek protagonismoa izango dute.
Umurangi Generation-en garaipenetako bat jokalariari eskaintzen dion erlaxazio ariketan datza maila batean. Hasi eta gutxira ulertuko dugu joko honetan ezin dezakegula galdu, ezin garela hil, nahi dugun martxan argazkiak ateratzen joan behar garela, gutxienez oinarrizko helburuak betetzeko. Argazki alerik gabe geratzea oso zaila da, eta helburu bakoitza modu ezberdinetan gauzatzeko aukera dago.
Zenbait objektu bilatzea zaila egin daiteke, baina orokorrean denboraren poderioz denak aurkituko ditugu. Batzuetan helburua lortzeko tokia beste leku aproposago batean dago edo objektibo desberdin bat erabiltzea eskatzen du. Erronka hauek betetzeko presarik ez du ezartzen eta zentzu honetan kapitulu bakoitza lasai edan daitekeen tragoxka bilakatzen da.
Batzuetan lur azpiko leku klandestinoetan atera behar izango ditugu argazkiak.
Jokalari askok aipatu izan du oinarrizko edukia bukatu ondoren gustukoa izan duela kontatutako istorioa. Berezia da, Umurangi Generation-ek ez baitu zuzenean ezer kontatzeko ahaleginik egiten, baina ikusitako atalei lotura emanez gero jokalariak gertatutakoaren ideia orokor bat izango du. Gomendagarria da jokoaren izenburuak Māori hizkuntzan duen esanahia sarean bilatzea oinarrizko jokoa amaitu ondoren.
Jokoaren zehaztasun grafikoa ez da beste joko batzuek erakusten dutenarekin alderagarria, baina bere irudi estiloak duen izaera bereziarekin orekatzen du.
Zentzu horretan Macro izeneko eduki jaitsigarriak bere zatia egiten du baita ere. Oinarrizko jokoaren gertakizunak baino bi aste lehenago gertatzen denak informazio interesgarria gehitzen baitio. Gainera, jokalariak espero ez duen tokietara eramango du Macro-k, Tauranga hiriak fikziozko sorkuntza honetan dituen leku oso bitxietara.
Etorkizunaren ikuskera honek iraganeko zenbait xehetasun interesgarri erabiltzen ditu.
Zenbait erabiltzailek ez dute gogoko izan helburu gehigarrien artean, “guztia 10 minutu baino lehen” bukatu behar hori. Jokoak beste arlo guztietan hedatzen duen naretasuna hausten duela sentitzen dute. Ni maila batean ados nago, eta posible balitz, beste helburu desberdinen bat proposatuko nuke denbora muga baten ordez.
Hala ere, nire kasuan ez da hain apurtzailea izan, hasieratik oinarrizko helburuak bilatzen nituelako eta hautazkoren bat edo beste lortzen banuen ere, banekielako ez nituela den-denak egingo. Egitekotan, beste jokaldi batean lortzeko utzi nituen denak, izan ere, zer non dagoen jakinez gero, maila bakoitza oso azkar egin baitaiteke.
Umurangi Generation proposamen berezi eta interesgarria dugu, reflex kamerak ezagutzen dituen edo hauei buruz ikasi nahi duenarentzat aproposa. Objektu zein izaki bizidunak argazkietan harrapatzera bultzatzen gaitu eta kontestu oso berezia ezartzen du horretarako. Lasaitasunez argazki bitxiak ateratzen ibili nahi duenarentzat gutxienez bi ordu eta erdi eskainiko dizkion abentura labur eta errepikaezina da hau.
Iruzkinak