Hainbat hobekuntza ekarriko ditu atal teknikoaren aldetik. PC-rako bertsioa edukiko du baita ere datorren urtean.

Sony-koek Uncharted: Legacy of Thieves Collectionen PS5eko bertsioaren argitaratze data baieztatu dute PlayStation Blogean: urtarrilaren 28an merkaturatuko dute Nathan Drake abenturazalearen azken jokoaren bertsio eraberritua.

Uncharted 4: A Thief’s End eta honen bakarkako espantsio Uncharted: The Lost Legacy batuko dituen bildumarako prestatu dituzten aldaketak eta hobekuntzak zerrendatu dituzte trailer berriarekin. Hiru aukera grafikoren artean aukeratu dezakete jokalariek: PlayStationen ohiko Fidelity, Performance eta Performance+ aukerak, hain zuzen ere.

Lehenak, 4K bereizmenarekin eta 30fps-ko tasarekin mugituko ditu bi jokoak: Performancekin segundoko 60 irudiak bilatuko dituzte; azkenik, Perfomance+ aukerarekin 1080p-ko bereizmenera eta 120fps-etara iritsiko dira abenturak.

Horrez gain, 3D audioa eta DualSense agintearentzako berezitasunak ekarriko dituzte belaunaldi berrirako bertsio eguneratuek. Hori bai, multijokalaria kanpoan geratuko dela dirudi.

Jokoren bat aurretik erosita dutenek merkeago eros dezakete Legacy of Thieves Collection: Uncharted 4, The Lost Legacy edota  Uncharted 4: A Thief’s End & Uncharted: The Lost Legacy Digital Bundle dutenek 10 euroren truke eskuratu dezakete PS5eko bilduma.

PCko bertsioa iragarri zuten PlayStationekoek PS5ekoarekin batera; hau ikusteko pixkat gehiago itxaron beharko dute ordenagailuetako erabiltzaileek. Uncharted: Legacy of Thieves Collection Steam eta Epic Games Store saltoki digitaletan estreinatuko dela baieztatu dute, baina 2022ko zehaztu gabeko egun batean izango da.

Esan bezala, PlayStation 5eko bertsiora urtarrilaren 28tik aurrera jokatu ahalko da.