Toby Foxek bakarka prestatutako abentura berezi hau ezustean iritsi da Xbox Seriesetara eta Xbox Onera.

Bost urte behar izan ditu, baina Undertale azkenik iritsi da Xboxeko jokalariengana; Xbox Seriesetara eta Onera iritsi dela ospatzeko iragarpena egin du Microsoftek kontsolaren blogean. Jatorriz 2015ean kaleratutako RPG honek hainbat eta hainbat maitemintzea lortu zuen bere proposamen interesgarriari esker, eta orain Xbox Game Pass harpidetza zerbitzuaren erabiltzaileek jokatu dezakete gehiago itxaron behar izan gabe.

Zehazki, joan den urteko irailean bost urte bete zituen Undertalek. Toby Fox garatzaileak bakarka garatutako lana da: umore benetan bereziduna daukan testu abentura txandakako borrokekin batzen du abentura honek.

Atal grafikoari dagokionez sinplea dirudien arren, bere istorio eta pertsonaiei esker mundu osoan ezaguna izatera iritsi da Nintendoren Earthbound bezalako jokoak jarraitzen dituen RPG hau. Izan ere, abentura gainditzeko bidea jokalarien esku egongo da uneoro; halere erabakiek benetako garrantzia edukiko dute munstroen munduak batzen dituen sekretu guztiak ezagutzeko.

Atzo bertan estreinatu zen Undertale Xbox kontsoletan: Game Passean gehitzeaz gain, Undertale 14,99 euroko preziora merkaturatu da liburutegian gorde nahi duten jokalarientzat. Gaur egun Fox bideo-joko honen jarraipenean lan egiten ari da: Deltarunek ez dauka argitaratze datarik, baina lehen kapitulura doan jokatu daiteke PC, PS4 eta Switchean.