DEP Games estudioaren tituluak hartz maitagarriak adarbakarren aurka jarriko ditu. Dominak batuta, ahalik eta gehien irautea izango da jokalarien helburua.

Gailu mugikorrek euskaraz gozatzeko bideojoko berria jaso dute. Oraintsu zinema aretoetan estreinatutako Unicorn Wars animazio filmearen egokitzapena da: gure hizkuntzan joka daiteke Android zein iOS sistema eragilea erabiltzen duten mugikorretan nahiz tabletetan.

Urdinxko edo Pottolo hartz maitagarrien artean aukeratu, eta horiekin batera adarbakarrekin hasitako guda odoltsuan —ez da adin guztiei zuzendutako jokoa, ez— murgildu beharko gara. Runner erako bideojokoa prestatu dute DEP Games estudioko garatzaileek: filmearen estetika jarraitzen duten 2D koloretsuekin, gelditu gabe ariko gara maila desberdinetan zehar.

Gure pertsonaiek bakarrik egingo dute aurrera. Pantailaren ezkerraldean sakatuta, jauzi egingo dugu —salto bikoitza egiteko aukerarekin— oztopoak eta arerioak saihesteko. Erasotzeko aukera ere egongo da, ordea: eskuinaldean sakatuta granadak edo geziak jaurtiko ditugu, etsaiak akatuz eta puntuak eskuratuz. Bi mugimendu horiez baliatuta, ahal bezainbat bizirik irautea lortu beharko dugu.

Mailetatik sakabanatuta medailak egongo dira. Hauen gutxieneko kopurua batzea beharrezkoa izango da hurrengo maila desblokeatzeko eta jokatzen jarraitzeko. Maila erdiprozeduralki sortutakoak izango direla aipatzen dute DEP Gamesekoek: aurkituko ditugun oztopoak eta arerioak desberdinak izango dira partida bakoitzean.

Lehiakortasuna bultzatzeko puntuazio taulak ere prestatu dituzte garatzaileek. Online erronkekin jokalariek jokoari gatza eta piperra emateko baliabideak edukiko dituzte.

Arestian aipatu modura, testuak euskara hutsean ditu Unicorn Warsek: gure sistema eragilearen hizkuntza euskara bada, hizkuntza berean abiatuko da titulua. Zoritxarrez, bikoizketa gaztelaniaz entzungo dugu; filmea euskaraz bikoiztuta egonik, erabaki tamalgarria da.

Bukatzeko, azpimarratu beharra dago bideojokoak ez duela ordainpeko edukirik, ez iragarkirik: guztiz doakoa da. Unicorn Wars Play Store eta App Store saltokietan eskura daiteke.