Umorez betetako 2D abentura honetako protagonista ez da izango eliteko espioi iaioa. PC-an zein kontsoletan merkaturatuko du Fran Tellez garatzaileak.

Solid Snake ezagunaren abenturak benetako arrakasta PSX-rako argitaratutako Metal Gear Solid sagarekin lortu zuten arren, aurretik Metal Gear bezala ezagututako bi dimentsioetako abenturetako protagonista izan Hideo Kojima-ren pertsonaia. Bere istorioak oinarri serio eta errealista batetik abiarazten ziren, baina azkar batean era guztietako zorakeriak biltzen zituzten gertakari eta pertsonaiak agertzen ziren horietan. Metal Gear klasikoen alderdi zoro hori zein mekanikak gogora ekartzeko asmoarekin prestatzen ari da UnMetal abentura Fran Tellez garatzaile espainiarra.

Irailaren 28an kaleratuko duen abentura oinarriak aurkeztu eta jokalariek bizi ahalko dituzten uneak ezagutzera emateko bideoa prestatu du UnEpic arrakastatsuaren sortzaileak. Jesse Fox-en kontrola hartuko dute jokalariek hemen. Solid Snaken antza duen arren, ez da eliteko espioia, baina egin ez zuen krimen batengatik kartzelaratuko dute Fox.

Bere helburua ihes egitea izango da, baina bidean pertsonaia misteriotsu batzuek abiarazitako konplot maltzurra ezagutuko du protagonistak.

Jatorrizko Metal Gearretan bezala akzioa zein isilpea izango dira jokoaren oinarriak. Trikimailu eta tresna “adimentsuak” erabilita soldadu etsaiengandik ihes egingo du Foxek, baina abenturan zehar tankeen, helikopteroen eta bestelako oztopoen aurka borroka zirraragarriak biziko ditu.

Ikus bezala umorea nagusi izango da abenturan zehar: bideo-jokoei, filmei eta telesailei etengabeko erreferentziak egingo dizkie jokoak.

UnMetal PC, PS4, Xbox One eta Switch plataformetan estreinatuko da irailaren 28an. Argitaratu aurretik doako frogara jokatzeko aukera dute interesatuek, Steam plataforman.