BAFTA Game Awards 2022 sarien irabazleetako bat izan da Witch Beam-en titulua. PC-an nahiz Xbox eta Switch kontsoletan ere joka daiteke.
Iazko bideojoko independenteen arteko ezustekorik handienetakoa izan zen Unpacking: etxez aldatzea eta gure ondasunak ordenatzea eta antolatzea baino ez du proposatzen Witch Beam estudioak sortutako lanak. Hainbat plataformetatik igaro ondoren, bihar bertan PlayStation kontsoletan kaleratuko dela ezagutzera eman dute garatzaileek.
Proposamen lasaigarrian objektuak kaxetatik atera eta hauek etxe berrian jartzen baino ez gara ariko. Ikuspegi isometrikoarekin eta xehetasunez betetako pixel art atal estetikoarekin dozenaka item eratu dituzte arduradunek: panpinak, ordenagailuak, jostailuak, sukaldeko tresnak, kontsolak eta askoz gehiago atera beharko ditugu. 1997. urtean hasiko da abentura, baina denboran aurrera egingo dugu etxez aldatzen dugun bakoitzean, elementu zaharrak modernoagoekin batuta.
Ikusiko ditugun ondasunek, gainera, garatzaileen inguruko gauzak kontatzen dituzte. PlayStation Blog webgunean idatzitako artikuluan jokoan sartu dituzten objektu desberdinei buruzko oroitzapenak partekatzen ibili dira: “Benetakoa dirudien esperientzia nahi genuen, kontatu nahi genuen istorioan murgiltzeko biderik aproposena zela uste baikenuen”.
Sinplea dirudien joko honek sekulako arrakasta lortu du bai kritikaren, bai zaleen aldetik. Zenbait sari garrantzitsuren hautagaia izan da, baita irabazlea ere: esate baterako, BAFTA Game Awards 2022 sarietako narratiba onenaren saria eskuratu du. Horrez gain, joan den urtean PCan zein Switch eta Xbox kontsoletan estreinatu eta hamar egunetara 100.000 ale saltzea lortu zuten; salmenta bikainak halako lan batentzat. Are nabarmenagoak Xbox Game Pass harpidetza zerbitzuaren baitan aurkitzen dela kontuan hartuta.
Esan bezala, Unpacking bihar helduko da PlayStation 5 eta PlayStation 4 kontsoletara.
Iruzkinak