Epic Games-ekoek motor grafikoaren inguruko berritasunak ezagutzera eman dituzte. Crystal Dynamics estudioak hurrengo Tomb Raider iragarri du.

The State of Unreal ekimena egin zuten atzo Epic Gamesekoek. Bertan Unreal Engine 5 motor grafikoa dagoeneko garatzaile guztientzat erabilgarri dagoela iragarri zuten. Bi proiektu desberdin oinarritzat erabilita, tresna ezagunaren bertsio eraberrituarekin beren sorkuntza propioak egiteko aukera daukate orain.

Ohi bezala, Unreal Engine Epic Games Store saltoki digitaletik deskarga daiteke. Hori eginda, Lyra Starter Game eta City Sample proiektuak erabil ditzakete garatzaileek sortzen hasteko. Lehenengoan hirugarren pertsonako tiro jokoa aurkituko dute: Epicekoen hitzetan, “joko berriak sortzen hasteko abiapuntu aparta da, baita ikasketa praktikorako baliabidea ere”.

City Sample, berriz, The Matrix Awakens demoko hiria nola eraiki zuten erakusteko balio duen erreminta da. Garatzaileek UE5-ek dituen ezaugarri berriak nola erabili dituzten azaltzen dute bertan: “Proiektuak Unreal Engine 5en sistema berriak zein hobetuak nola erabili ditugun erakusten ditu —World Partition, Nanite, Lumen, Chaos, Rule Processor, Mass AI, Niagara, MetaHumans, MetaSounds eta Temporal Super Resolution barne— esperientzia hau sortzeko”. Kasu honetan, proiektuko baliabide desberdinak pakete desberdinetan jaitsi daitezke; adibidez, ibilgailuak soilik deskargatzea posible da.

Ekimenean UE5 erabiltzen hasi diren garatzaile eta estudio desberdinen aurkezpena egin zuten, hainbat iragarpen interesgarri egiteko aprobetxatuta. Xbox, Ninja Theory, PlayStation, Haven, Obsidian, Devolver Digital, Tencent, Sumo Digital eta CD Projekt —dagoeneko iragaritako The Witcher berriarekin— dira, besteak beste, motor grafikoaren bertsio berriarekin dabiltzanak.

Are gehiago, The Coalition prestatzen ari den The Cavern probaren bideo berria aurkeztu zuten. Bertan pertsonaien aurpegiak zein inguruneetako xehetasunak nabarmentzekoak dira.

Iragarpenik garrantzitsuena, ordea, Crystal Dynamicsen eta Square Enix-en aldetik etorri zen: Tomb Raider frankiziako atal berria aurkeztu zuen Dallas Dickinson arduradun nagusiak. Xehetasun handirik eman gabe, UE5ekin sortzen ari direla azpimarratu zuten, nola ez.