“Aro berria” abiatuko dutela diote: egungo auto eta futbol jokoa motore berrirako moldatuko omen dute.

Epic Games erraldoiak Unreal Engine garapen motorearen bertsio berria ofizialki igarri du. Rocket League ezaguna UE 6 zahaberrituarekin egokitzen dabiltza.

Rocket League Championship Series 2026: Paris Major txapelketaren aterpean egin dute aurkezpena. Jokagarritasunik gabe, Rocket Leaguen autoak txukunduta eta edertuta ageri dira bideoan. Bukaeran, Unreal Enginen hurrengo bertsioaren logoa erakutsi dute lehenengoz.

Horrela, “aro berria” abiatzeko asmoa agertu dute Epicekoek, Rocket Leaguena, zein UErena. 2015. urtean estreinatu zen futbola autoekin uztartzen zuen titulu arrakastatsua —2019an Epic Gamesek erosi zituen jokoa zein Psyonix estudioa—; ordu hartatik, aldaketarik gabe, Unreal Engine 3 bertsioarekin garatzen eta exekutatzen da RL.

Ez da motorearen seigarren bertsioari buruz mintzatzen diren lehen aldia. Tim Sweeney Epic Gamesen arduradun nagusiak UE 6 2027an kaleratzeko asmoa agertu zuen, Unreal Engine nahiz Unreal Editor for Fortnite bateratzearekin batera. Parisen ez dute datarik aipatu, baina datorren urtean edo are beranduago iritsiko dela suposatu beharko dugu.

Albisteak asko harrituta utzi ditu, egungo UE 5en ibilbidea motza izan dela aldarrikatuta. 2020. urtean iragarri zen oraingo garapen motorearen bertsioa, eta, gaur egun dozenaka bideojokok erabiltzen duten arren, arazoak eta akatsak nabarmenak izan dira bere ibilbidean, batez ere, errendimenduari eta stuttering-ari dagokienez.

Unreal Engine 6ren ezaugarriak eta berritasunak zeharo ezezagunak dira, oraingoz. Epic Gamesek datozen hilabeteotan informazio gehiago eskaintzea espero da; zehazki, ekainaren 17ko State of Unreal aurkezpenari begira jarri dira zaleak.