Hakaba-bunko indie estudio japoniarrak nobela bisualak prestatzen jarraitzen du. PS5ean, Switch-ean zein PCan jokatu ahalko da.

Hiri kondairak edo mitoak ikertzen jarriko gaitu Urban Myth Dissolution Center misterio abentura interesgarriak. Hakababunko indie estudioaren obra berria otsailaren 13an kaleratuko da.

Azami Fukurai detektibe gaztean bilakatuko gara egiaren bila aritzeko: misterio paranormalak izango dira nagusi UMDCn, batzuetan beldurrezko kutsua hartuta. Madarikatutako objektuak, etxebizitza bitxiak edo agerraldi sinestezinak ikertzen ibiliko gara.

Nobela bisualen kutsua hartzen du bideojokoak, hizketaldiak, erabakiak eta esplorazioa ardatz izanik. Aztarnen bila joko dugu pixel art kokaleku ederretan zehar, denetariko botereak eta gailuak erabilita.

Girotze eta arte aldetik sekulako lana egin dute egile japoniarrek, argi dagoenez; izan ere, koloreekin zein estetikarekin jokatuta berezko nortasuna eskaini diote UMDCri.

Interesatuta? Jokoa kaleratu aurretik doako demoa probatzeko aukera daukazu Steam bidez. Are gehiago: egindako aurrerapenak joko osora eraman daitezke, hau erostera animatuz gero. Urteko lehen indie interesgarrienetakoaren aurrean egon gaitezke, probatu dutenei kasu egiten badiegu.

Urban Myth Dissolution Center PlayStation 5, Nintendo Switch eta PC gailuetan argitaratuko da otsailaren 13an.