2023ko estreinaldirik handienek bat egingo dute hilabete honetan. Plataforma guztietarako askotariko tituluak datoz.

Urrian sartu gara: bideojokozaleek benetan itxaron ohi dute hilabetea. Urtea bukatzeko eta gabonetako kanpainarako prestatzen hasteko hilea dugu; hori horrela, argitalpen interesgarri mordoa egon ohi dira. Aurtengoa ikaratzekoa da, saga ezagunen atal berrien kopuru ikaragarria iritsiko baita. Mario, Spider-Man, Forza, Sonic, Alan Wake eta askoz gehiago ikusiko ditugu.

Zer esan nahi du honek? Kontsolak nahiz PCa izan, berdin dio: edozein plataformarako titulu esanguratsuak ikusiko ditugu. Has dadila bideojokoen festa.

 

Assassin’s Creed Mirage

  • Argitaratze data: 2023-10-05
  • Garatzailea: Ubisoft
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak: PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One

Assassin’s Creed bueltan da urte batzuetako atsedenaldia hartu ondoren. 2020an kaleratutako Valhalla joko erraldoia izan zen, baina hileon estreinatuko den Miragekin erroetara itzuli nahi dute, abentura txikiagoa eta bereziagoa sortuz.

Bagdad izango da joko zelaia oraingoan; Basim protagonista kontrolatuko dugu ohi bezala parkour-ean aritzeko, ezkutuan ibiltzeko eta gure helburuak asasinatzeko. RPG elementuak alboratu dituzte… eta kitto, hori da nabarmentzeko berritasuna: frankiziako mekanika klasikoak mantenduko dituzte.

 

Wargroove 2

  • Argitaratze data: 2023-10-05
  • Garatzailea: Chucklefish
  • Generoa: Estrategia
  • Plataformak: PC, Switch

Advance Wars bezalako txandakako estrategia jokoei keinu eginez hasi zen Wargroove, baina bigarren atalarekin nortasun propioa edukitzera iritsiko direla dirudi. Chucklefish taldeak aurreko tituluan egindako guztia hobetuko du bigarrenean: hiru kanpaina gaindituko ditugu modalitate nagusian, baina fakzio berriak, Groove sistema itxurosoa, Conquest joko mota eta editore zabala ikusiko ditugu.

Armadak gidatzea eta hurrengo mugimendua ondo hautatzea izango dira Wargroove 2ren zutabeak. Guztia atal estetiko koloretsuarekin eta dibertigarriarekin apainduko dute.

 

Detective Pikachu Returns

  • Argitaratze data: 2023-10-06
  • Garatzailea: Nintendo
  • Generoa: Abentura grafikoa
  • Plataformak: Switch

Pikachu detektibearen lehen jokoa ez zen horren ezaguna izan, baina duela urte batzuk estreinatutako filmeak pokémon hiztunaren abenturak zabaltzeko balio izan zuen. Hori horrela, The Pokémon Company-koak berriz ahaleginduko dira abentura grafiko estiloko jokoarekin.

Tim eta Pikachu protagonistak kontrolatuko ditugu: gizakiekin eta pokémonekin hitz egingo dute, hurrenez hurren. Sakelako munstroak laguntzeko prest egongo dira, baina: hauen gainera igota Pikachuk aztarnak bila ditzake krimenak argitzeko.

 

Forza Motorsport

  • Argitaratze data: 2023-10-10
  • Garatzailea: Turn 10/ Xbox
  • Generoa: Lasterketak
  • Plataformak: PC, Xbox Series

Gaur egun Forza Horizon jokoek erakartzen dituzte begirada guztiak, baina horrek ez du esan nahi Forza Motorsport hilda dagoenik. Turn 10 taldea lasterketa arruntetara itzuliko da berriro 500 auto eta 20 zirkuitu baino gehiago eskainita.

Atal grafiko ikusgarriarekin career edo kanpaina modalitatea da jokoaren izarretako bat: kategoria desberdinetan aurrera egin beharko dugu, bidean kotxeak erosiz eta hobetuz. Online partidak ere lehiatuko ditugu, noski; ezin daiteke autoen jokoa sortu bakarrik jokatzeko.

 

Total War: Pharaoh

  • Argitaratze data: 2023-10-11
  • Garatzailea: Creative Assembly/ Sega
  • Generoa: Estrategia
  • Plataformak: PC

Creative Assemblykoek Warhammer-en mundua alboratuko dute berriro guda historikoetara bueltatzeko. Egipto berriko inperioan bizitako aroan barneratuko gara Pharaohn: Egipto, Kanaan zein Hitita inperioa kontrolatuko ditugu.

Ohiko estrategia eta kudeaketa jokoaren aurrean gaude. Kanpaina nagusian erresuma osoa kontrolatzea izango da gure helburua. Oraingoan, baina, hondamendi naturalekin kontuz ibili beharko gara, kanpaina zeharo alda dezakete-eta.

 

Lords of the Fallen

  • Argitaratze data: 2023-10-13
  • Garatzailea: Hexworks/ CI Games
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak: PC, PlayStation 5, Xbox Series

2014an estreinatutako izen bereko jokoaren jarraipena da Lords of the Fallen, nahiz eta ez dugun zenbakirik ikusiko bere tituluan. Horrela, soulslike estiloko abenturaren aurrean gaude: borroka latzak gainditu beharko ditugu mundu iluna eta beldurgarria esploratzen dugun bitartean.

Premisa benetan erakargarria bada, are gehiago bere atal grafikoa. Hexworks estudioak Unreal Engine 5 motorea erabilita sortutako mundua ikaragarria da. Kooperatiboan joka dezakegu, gainera.

 

Sonic Superstars

  • Argitaratze data: 2023-10-17
  • Garatzailea: Sega
  • Generoa: Plataformak
  • Plataformak: PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One

Sonic Frontiers-en ostean eskala txikiagoko abenturaren unea zen triku urdinarentzat. Sonic Superstars 2.5 dimentsioko plataforma jokoa da: ziztu bizian ariko gara gune desberdinak zeharkatzen, eraztunak biltzen eta bukaerako etsai nagusiak gainditzen.

Triku supersonikoaren abentura batek lau jokalarirentzako kooperatiboa duen lehen aldia izango da, gainera: Sonic, Tails, Knuckles eta Amy protagonistekin joka dezakegu abentura osoan.

 

Marvel’s Spider-Man 2

  • Argitaratze data: 2023-10-20
  • Garatzailea: Insomniac Games/ PlayStation
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak: PlayStation 5

Insomniac Games taldeak PlayStation Studios-en aterpean garatutako hurrengo joko handia ikusiko dugu urri bukaeran, eta Marvelen superheroi araknidoarekin itzuliko dira. Heroi bikotearekin, hobeto esanda; izan ere, Peter Parke zein Miles Morales Spider-Man jantziekin ikusiko ditugu bigarren atalean.

Manhattan, Brooklyn eta Queens zeharkatuko ditugu aramusareen bidez Venom edo Kraven bezalako superbilauei aurre egiteko. Ez dirudi berritasun handirik egongo denik, baina aurrekoan sortutakoa fintzera datoz PlayStationetik.

 

Super Mario Bros. Wonder

  • Argitaratze data: 2023-10-20
  • Garatzailea: Nintendo
  • Generoa: Plataformak
  • Plataformak: Switch

Iturginaren erroetara itzultzea erabaki dute Nintendokoek, baina aldi berean denetariko berritasunak prestatuz. Super Mario Bros. Wonder 2.5 dimentsioko plataforma joko alaia eta bizia izango da; era batean New Super Mario Bros. jokoetan ikusitakoa erabarrituko dute mekanika interesgarriekin eta atal estetiko ederrarekin.

Lau jokalarirentzako kooperatiboa, hainbat pertsonaia, mundu zoragarriak, botere bitxiak, medailak eta askoz gehiago prestatu dute N handikoek Marioren hurrengo lanerako.

 

Cities Skylines 2

  • Argitaratze data: 2023-10-24
  • Garatzailea: Paradox Interactive
  • Generoa: Estrategia, kudeaketa
  • Plataformak: PC

Hiriak eraikitzea eta kudeatzea. Ideia benetan sinplea, baina erakargarria eta desafiatzailea. Cities Skylinesek ez zuen besterik behar bigarren jokoa prestatzen hasteko: aurrekoan ikusitako guztia hobetzera datoz oraingoan.

Paradox Interactiveko arduradunek sekulako askatasuna agindu dute gure udalerriak sortzerako orduan. Estetika modernoa eta argia edukiko du guztiak, gainera, eta ezin ahaztu mod sortzaileen komunitateak eskura edukiko dituen balbiadeez.

Kontsoletako bertsioak PCko egun bererako aurreikusita zeuden; zoritxarrez, 2024ko udaberrira atzeratu dituzte.

 

Metal Gear Solid Master Collection: Volume 1

  • Argitaratze data: 2023-10-24
  • Garatzailea: Konami
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak: PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One

Solid Snake eta Big Boss espioien abenturak berrabiarazi nahi ditu Konamik. Horretarako klasikoak berriz argitaratuko dituzte: Metal Gear Solid 1, 2, eta 3 zein Metal Gear originalen lehen eta bigarren atalak uztartuko dituzte Master Collection bildumaren lehen jokoan.

Ez dugu berritasun handirik ikusiko, aspaldi argitaratutako HD Collection-en berbera baita. Halere, gaur egungo plataformetan MGS maitatuetan jokatzeko aukera izango da.

 

Alan Wake 2

  • Argitaratze data: 2023-10-27
  • Garatzailea: Remedy Entertainment
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak: PC, PlayStation 5, Xbox Series

Remedy Entertainment pixkanaka ibili da Alan Waken abentura berri desiratua erakusten, baina trailer bakoitzarekin are itxura erakargarriagoa izan du beldurrezko tituluak. Zaleak zain daude, eta hilabete amaieran helduko diote idazlearen bigarren jokoari.

Atal grafikoa erotzekoa da, baina krimenak argitzen eta hiria esploratzen aritzea inoiz baino beldurgarriagoa izango dela dirudi.

Jusant

  • Argitaratze data: 2023-10-31
  • Garatzailea: Dontnod
  • Generoa: Abentura
  • Plataformak: PC, PlayStation 5, Xbox Series

Dorre erraldoia eskalatzea izango da Jusanten bete beharreko helburua. Akzioa eta puzzleak uztartuko ditu Dontnoden tituluak: erremintak erabiltzen ikasi beharko dugu bioma desberdinetako erronkak gainditzea lortzeko.

Dorrea esploratuz, baina, honen historia ezagutuko dugu, misterioz betetakoa baita. Lasai jokatzeko eta liluratzeko abentura izango dela azpimarratzen dute garatzaileek.