Mr. X Nightmare-k hiru pertsonaia berri, Survival joko mota, Mania+ zailtasun maila eta hobekuntza gehiago batuko ditu.

Streets of Rage 4k beat ‘em up abentura klasikoen ezaugarririk onenak berreskuratu zituen iaz. Orain, Dotemu-ren lan bikainak are eduki gehiago jasoko ditu Mr. X Nightmare deitutako DLC-arekin. Uztailaren 15ean estreinatuko da PC-an zein kontsoletan.

Argitaratze data zehaztearekin batera arduradunek eduki gehigarri honek ekarriko dituen berritasun guztiak nabarmendu dituzte. Horien artean aurkitzen da lehen aldiz iragarritako Survival joko mota. Bertan “borroka azkarrak eta behin eta berriz jokatzekoak” biziko direla adierazi dute Dotemukoek: zailtasunez areagotzen doazen borrokak gainditzerakoan abilezia edo hobekuntza desberdinak lortzen joango dira jokalariak.

Horrez gain dagoeneko iragarritako hiru pertsonaia berriak daude. Laugarren atalean etsai modura lehen aldiz ikusitako Estel Agirrerekin batera itzuliko dira Max Thunder eta Shiva klasikoak, bakoitza bere mugimendu eta abilezia bereziekin. Soinu bandak doinu berriak ere jasoko ditu aurretik Sonic Mania eta League of Legends bezalako obretan lan egindako Tee Lopes-ekin eskutik.

Mr. X Nightmare ordainpeko DLCaz gain, hobekuntza interesgarriak dakartzan doako eguneraketa ere agindu dute arduradunek. Entrenatzeko joko mota gehituko dute horrekin, pertsonaien koloreak aldatzeko aukera eta Mania+ zailtasun maila latza. Gainera akatsak zuzendu eta orekatze lanak egingo dituzte adabaki honekin.

Eduki guzti hauek digitalki erosi ahal izateaz gain, Merge Games banatzailea prestatzen ari den Streets of Rage 4ren edizio fisikoan bilduta egongo dira. Irailaren 28an merkaturatuko dute hau, eta dagoeneko erreserbatzeko aukera dago.

Hauxe idatzi genuen iaz Streets of Rage 4ri buruz Game Erauntsian argitaratutako analisian:

Streets of Rage 4k beste garai bateko jokoen magia berpiztea lortu du, onerako eta txarrerako. Beat ‘em up dibertigarri batera jokatzeko gogoa baduzu Segaren lanak ez dizu hutsik egingo. Baina generoaren klasikoen modura, joko laburra eta errepikakorra da. Dena dela, japoniarrek halako jokoa berpizteko aukera ematea txalotzekoa da: Lizardcubek eta Guard Crush Gamesek lan aparta egin eta SoR-en jarraipen duina garatu dute.