Zenbat zaldi-indar dira 8 bit?

Gabonetan gurasoen etxetik igaro naiz eta bapo jateaz gain, nire Game Boy Color kuttuna berreskuratu dut, jolasteke dauzkadan bideojokoen zerrendari ere hozkada ematearren. Jokoen artean, zerrendatuta ez nituen kartutxo batzuk aurkitu ditut. Batzuetan, ezagutzen dudan jendeak bere bideojoko zaharrak oparitzen dizkit, bigarren eskuko dendatan ia dirurik emango ez dietela ikasten dutenean. Esku artean daukadana horietariko bat da.

V-Rally Championship Edition jokoak daukan karkasa beltzak, jatorrizko Game Boy joko bat dela adierazten du, kolore paleta berriarekin. Nire baia koloreko kontsolan sartu, piztu eta Game Boy logoak 90. hamarkadara bidali nau, gaur egun jostatzen ditudan jokoen erdiak bezala, egia esateko. Infogrames izan zen joko honen garatzaile eta editorea. 1997an bertsio monokromoa argitaratu zuten, koloreduna berriz 1999ean. Joko bera da bestela.

Titulu honek bi modalitate dauzka: Arcade eta Txapelketa. Lehenengoan hiru aukera daude, errazenetik zailenera zirkuitu ezberdinetan parte hartzera gonbidatzen du, denbora agortu aurretik kontrol puntuak zeharkatu behar direlarik. Txapelketan jokoaren 20 zirkuituak gailendu beharko dira, lasterketa bakoitzaren amaieran posizioaren arabera puntuak banatzen direlarik.

Utzi pizza eta pasta alde batera, hau da Italiaren irudikapenaren gailurra

 

Garai bateko auto lasterketa jokoa da. Zirkuitoa ez da egiazkoa, pantaila erdiak sortutako mugimenduen ilusioa baizik. Dena den, alderdi tekniko ederra erakusten du, errepidearen mugimenduak abiadura irudipen itzela sortzen du, eta malda efektuak daude une oro, gora eta behera mugitzen ari garela adieraziz. Kotxeak jariakortasun itzelarekin mugitzen dira, irudikatzeko sprite asko dituztelako. Prestidigitadore on bat ikustea bezala da, trikimailua ezaguna izan arren, ondo egina badago, berdin gozatu daiteke.

Atzealdeak begiratzeko erakargarriak dira, gehienak mendilerroak izan ohi diren arren, kolore ezberdinek munduko lurralde ezberdinetara bidaiarazi naute. Italiako panoramika atsegin dut gehien, bihurgune guztietan zehar San Pedroren basilika, Erromako Panteoia eta Koliseoa batera ikusten diren angelu hortan mantentzen da nolabait. Azken ikutua, zirkuitu batzuetan gertatzen diren elurra eta euria dira, jostagarritasunean inolako etenik sortu gabe.

Musikak menuetan zehar laguntzen du bakarrik. Lasterketetan motorraren orroa eta gurpilen sufrimendua entzungo dira bakarrik, istripu baten talkaren soinuak apaiduta noiz behinka.

Inoiz rally bidejoko batera jokatu duenak badaki Subaru Impreza bat antzematen

 

Jokoa ez zait zaila egin. Zailtasun handienean, txapelketa bigarren saiakeran gailendu dut, honek arkade jokoetan aditua naizela frogatzen du, inork zalantzarik edukiko balu. Dena den, akatsak garesti ordaintzen dira eta kontzentrazio maila jakin bat eskatzen du. Errepide ezberdinek heltze maila ezberdina daukate, ez da gauza bera Korsikako asfaltozko bidea, Zeelanda Berriko buztina edo Frantziar Alpeetako errepide izoztuan gidatzea.

Zirkuituaren alboak oztopoz beteta daude eta errepideetan ere arrokak, hesiak, jauziak edo olio putzuak agertu daitezke berebila itzulipurdika bidaltzeko prest. Arrisku seinale bat keinuka hasiko da behintzat, datorrena iragartzeko. Arerioen kotxeek ere hogeita hamar bat tonako pisua daukate. Oztopoek ez dituzte geldiarazten, nire paperezko kotxea ikututa ordea, abiadura ia hutsera murrizten didate.

Garai sinpleagotako bideojoko sinplea, dotoreziaz apainduta. Ez daukat askoz gehiago gehitzeko, dibertigarria eta polita, hartu bezain laister jostatzera gonbidatzen duena. Joko hauek dira bidojokoetaz maitemindu nindutenak.