Bioma berria dakar, etsai, arma eta mekanika propioekin. Proba publikoa abiatu dute Iron Gate estudioko garatzaileek.

Bederatzi hilabeteko lanaren ondoren, Iron Gate estudioak bere Valheim arrakastatsuaren eguneraketa handiena osorik aurkeztu du. Mistlands espantsioa edukiz beteta dator, eta horiek ezagutzera emateko jokagarritasun bideoa prestatu dute arduradunek.

Izan ere, adabakia dagoeneko proba daiteke: proba publikoa abiatu dute Valheimen. Hala ere, akatsak nagusi direla azpimarratzekoa da; eguneraketak prestatzen jarraituko dutela diote sortzaileek.

Sekretu berriak azaleratuko dituen behelainoa iritsi da Valheimera. Horixe izango da eduki gehigarriaren ardatzetako bat: lainoa da Mistlands lurraldeetan barrena aurkituko duguna. Oztopo honek arriskuak eta egoera bereziak eragingo ditu, eta horiei aurre egiteko mekanika bereziak ikusiko ditugu espantsioan.

Bioma berriak —hau oraindik esploratu gabeko guneetan agertuko da— bederatzi izaki eta garaitu beharreko buruzagia gehituko dizkio mundu irekiko bideojokoari. Ziega mota berriarekin topo egingo dugu Mistlandsetan, gainera.

Artisautzari lotutako edukiak ere nabarmentzekoak dira: 20 osagai, artisautzarako bi gune, hauek hobetzeko hiru aukera, eta beste hiru baliabide zein artisautza eraikin aipatzen dituzte garatzaileek. Are gehiago: sortzeko 25 item berri ikusiko ditugu, baita janari motak, edabeak eta eraikinetan erabiltzeko piezak ere.

Arrantzan hobekuntzak dakartza adabakiak; gure pertsonaiaren itxura aldatzeko bizar eta orrazkerak ere gaineratu dituzte; bukatzeko, emoteak, istorioa kontatzen duten harriak, ametsak eta musika gaineratu dituzte.

Aipatutako hobekuntza guztiak banaka zerrendatu dituzte —spoilerrak izanik, noski— jokoaren Steam-eko orrialdean.

Valheim PC-an joka daiteke: esplorazioa, abentura eta biziraupena batzen ditu iaz estreinatutako tituluak.