Askotariko edukiak eta hobekuntzak dakartza behin betiko bertsioak: bost urte eman ditu aurretiazko sarbidean.
Iron Gate garatzaileak eta Coffee Stain Publishing argitaletxeak Valheim ezagunaren behin betiko bertsioa argitaratu dute. PC, PlayStation 5, Switch 2, Xbox Series eta Xbox One gailuetan proba daiteke dagoeneko.
Berritasunen eta aldaketen zerrenda oparoarekin batera iritsi da 1.0 eguneratzea. Iparraldean kokatutako bioma berria, 40 arma, bonba eta munizio mota baino gehiago, tresnak, izakiak, artisautza baliabideak zein eraikuntzak, kokalekuak, musika, jazoerak nahiz mekanikak —adibidez, eraikitzen hasi aurretik elurra garbitu beharko dugu— aipatzen dituzte egileek, dena ondo biltzeko lorpen berriekin batera.
Zuzenketa mordoa ere ekarri ditu adabakiak, noski: Unity motorea eguneratuta, grafikoak zein interfazeak txukundu, deskribapenak zeharo eraberritu edo itxurak nahiz etsaien kopuruak zuzendu dituztela aipatzen da, baina dozenaka adibide irakur ditzakegu zerrenda osoan.
Deep North bioma, gainera, jokoaren bukaerako kokalekua dugu. Jokoko areriorik gogorrenak, bizirauteko baliabiderik urrienak zein inguruenik latzenak eta denetariko sekretuak biltzen dituzte izoztutako iparraldeko lurrek.
2021ean kaleratu zen ordenagailuetan aurretiazko sarbidea; 2023an, Xbox kontsolek jaso zuten. Valheim PlayStation eta Nintendo gailuetan ikusten dugun lehen aldia da, hortaz. Plataforma arteko joko gurutzatua (crossplay) ikusiko dugu gailu guztien artean, jokalarien komunitatea handituz.
Early access fasea milaka jokalari batuta, eta, orokorrean, balorazio ikaragarriak eskuratuta bizi izan du Valheimek; ez dira emaitza eskasak, Iron Gaten lehen jokoa izanik. Ez dute hemen ahaztuta utziko: etorkizunera begira, eduki eta zuzenketa gehiago agindu dituzte arduradunek.
Valheim PC, PlayStation 5, Switch 2, Xbox Series eta Xbox One plataformetan eros daiteke.
Lander Unzueta
Iruzkinak