Plataformaren azken beta eguneraketan SteamPal gailua hainbatetan aipatzen dela ohartu dira zaleak, Neptune hitzarekin batera.

Steam Machinekin Valvek kontsolen mundura hurreratzeko saialdia egin zuen orain urte batzuk. Arrakasta handirik izan ez zuten arren, beste batez saiatzeko asmoa dutela dirudi. Pavel Djundik SteamDB webguneko arduradunak nabarmendu duenez, Steamen azken beta eguneraketan Valvekoak kontsola eramangarri bat prestatzen ari direla pentsatzeko zeinuak daude.

Izan ere, aplikazioaren kodean “SteamPal” eta “SteamPal Games” aipatzen dira hainbatetan. Are gehiago, bi horiek “Neptune” izenarekin harremana daukatela ikus daiteke: Neptune joan den urteko iraileko adabakian agertu zen lehen aldiz, eta Djundik hitzetan Steamerako aginte berria zela uste zen. Neptunerako bereziki optimizatutako jokoak egongo zirela aipatu zen ordu hartako filtrazioan.

Kategoria berri hauetaz gain kontsola edo gailu baterako bereziki sortutako ezaugarriak aipatzen dira: pizteko menua, sarbide azkarreko menua, agintearen botoiak esleitzeko aukerak, Wi-Fi eta bluetooth ezaugarriak eta hegazkin modua aurkitu daitezke kodean sakabanatuta. Hori irakurrita, suposatzekoa da agintea barik kontsola eramangarria izango dela Valvena.

Guzti horri Gabe Newell Valveko presidenteak orain egun batzuk esandakoari gehitu behar zaio. Zeelanda Berriko hedabide batean egindako elkarrizketan Steameko jokoak kontsoletara eramango dituzten galdetu zioten Newelli. Erantzun argirik eman gabe, “urte bukaerara itxaroteko” erantzun zuen Steameko arduradun nagusiak.

Bideo-joko berrietan lan egiten ari direla ere baieztatu zuen Newellek urte hasieran, Half-Life: Alyxekin emandako itzulerarekin jarraitzeko asmoz. Hortaz ez zen harritzekoa izango kontsola berriaren estrenaldirako jokoak prest eduki nahi izatea.

Dena dela, guzti hau zumurru hutsa dela nabarmendu beharra dago. E3a eta udako bideo-jokoen ekimen handiak hurbil egonda, bideo-jokoen zaleek aurki gai honen inguruko berriak izatea espero da.