Errendimenduan jauzi esanguratsua eman ahal izateko zain daude. Ordura arte joko bilduma berean jokatzeko gailua eskaini nahi diete jokalari guztiei.

Steam Deckaren hurrengo belaunaldia urrun dago oraindik, Valvek dioenez. The Verge agerkariak Pierre-Loup Griffais eskuko gailuaren diseinatzaileari egindako elkarrizketan Deckaren etorkizunari buruz mintzatu dira, hainbat adierazpen interesgarri eskainita.

Izan ere, Valvetik etorkizunean Steam Deck gailu berriak kaleratzeko asmoa agertu izan dute, baina oraindik ez da garai aproposa: ez dugu “Steam Deck bizkorragorik jasoko datozen urteetan”, Griffaisek nabarmendu duenez.

Zer dela-eta? Gailuak Valveri, garatzaileei zein jokalariei eskaintzen dien “errendimendu finkoa” azpimarratzen du diseinatzaileak. “Deckak garatzaileei eskaintzen dien errendimendu finkoa garrantzitsua da guretzat”, adierazi du. “Erosleei bidalitako mezua ere ulerterraza da: Deck guztiak joko berberak mugitzeko gai dira“.

Deckaren hurrengo belaunaldia iragartzeko errendimenduan jauzi esanguratsua egotea bilatzen dute arduradunek; hau da, potentzia aldetik desberdintasun txikiak dituzten dozena erdi modelo merkaturatzea ekiditu nahi dute egoera egonkorra mantentzeko.

 

Bateria errespetatu nahian

Valvekoen tresnaren arazo nagusienetakoa ere aipatu du: bateria. Horri lotuta, “errendimenduaren areagotzeak efizientziari eta bateriari eragitea saihestu” gura dutela dio Griffaisek. Diseinatzaileak ez du uste egoera hori “urte pare batean” emango denik. Dena den, merkatuan emandako aurrerapenak jarraitzen dabiltza Steamekoak.

Noski, adierazpenok ez dute gaur egungo Deckaren berrikuspenik prestatzen dabiltzanik ukatzen. Deck 2a urrun egonda, ez litzateke harritzekoa izango errendimendu aldetik gaur egungo gailuaren parekidea den, baina efizientzia energetikoa, bateria edo pantaila hobetzen dituen eskuko PC eraberritua ikusita.

Are gehiago, duela egun batzuk “Sephiroth” eta “Galileo” izenak ezagutu genituen Linuxen kernel-aren 6.6 eguneraketan: Deckari lotutako gailuak izango direla dirudi, baina Valve ez da hauen inguruan mintzatu. Modelo eraberritua, agintea, mahaigaineko gailua edo VR betaurrekoak izan daitezke, beste hainbat aukeren artean.

 

Mugak gainditzen

Steam Decka ez da PCrik indartsuena, argi dagoenez, baina gaur egungo bideojoko handietako asko mugitzeko gai dela erakutsi du —bere mugekin, noski—. Laster erabiltzaile guztiek hobekuntzan igarriko dituzte, baina: nahiz eta hardware aldetik berritasunik ikusi gabe geratuko garen, software aldetik errendimendua are gehiago zukutzeko asmoa agertu dute Gabe Newell-en taldekoek.

SteamOS 3.5 eguneraketaren preview bertsioa —betaren beta, alegia— argitaratu zuten orain egun batzuk, aldaketa benetan esanguratsuak inplementatuz; besteak beste, VRR eta HDR aukerak gehitu dituzte.

Errendimenduari lotutako berrikuntzen artean, baina, Mesa RADV Vulkan driver-a optimizatzeko egindako lana aipatu behar da: orain ExecuteIndirect bezalako funtzioak erabiltzeko gai da Decka, zenbait bideojokoren errendimendua nabarmen areagotzea lortuz.

3.5 bertsioak, zoritxarrez, tailerrean jarraituko du denbora batez. Preview bertsioan edonork proba dezakeen arren, ez da gomendagarriena: berritasunok adar egonkorrera iritsi arte itxarotea aholkatzen dute Valvekoek.