Poncle garatzailearen proiektu txikiak hazten jarraitzen du: joko motor berrira pasako da laster, askotariko hobekuntzekin.

AAA tituluetako grafikoek, soinu bandek eta dozenaka mekanika desberdinek bideojoko baten iraupena eta eskala handitu dezakete, baina jokalariek bilatzen dutena ondo pasatzea izaten da. Hori da, hain zuzen ere, Vampire Survivors xumeak eskaintzen duena. Arrakasta hutsean bilakatu den indie joko honek berritasun mordoa dakartzan 0.3.0 eguneraketa jaso du.

Esanguratsuena maila berria da: Dairy Plant. Behitegi batean girotutako proposamen bitxiarekin dator Poncle garatzailea. Hau aurretik desblokeatu beharko da, baina: aurreko mailan partida bikaina lortzea da biderik errazena horretarako.

Arma berria ere aipatu du arduradunak Steam-eko jokoaren orrialdean. Behin hori lortuta, “ezaugarri berri iraunkorra desblokatuko dela” adierazi du Ponclek. Aipatutakoez gain era guztietako zuzenketak eta hobekuntzak dakartza 0.3.0 adabakiak.

Etorkizunera begira, orain arte mantendutako erritmoa jaitsiko dutela adierazi du arduradunak. Ia astero aritu da eguneraketa berriak argitaratzen: bitartean, taldeko beste kideek Vampire Survivors joko motor berrira pasatzeko lanean aritu dira. Bertsio berria dagoeneko jokatzeko prest dagoela nabarmendu du: egungo bertsioa baino hobeto optimizatuta dago, eta PC xumeek errazago mugi dezakete etsaien kopuru handiagoa bildu arren.

Orain bertsio berrirako eduki zaharrak gehitzen dabilela dio Ponclek. Hori horrela, biak parekatzeko denbora beharko duela adierazi du: oraindik aurrera eguneraketak bi astero helduko dira.

Vampire Survivors ezagutzen ez baduzu, Castlevania zaharren estetika hartuta sortutako akziozko jokoa da. Bertan pertsonaia desberdinetako bat hartu eta ahalik eta gehien iraun beharko dugu mapa desberdinetan ehundaka etsai akatzen ditugun bitartean. Arma eta objektu desberdinak lortuta eta hauek hobetuta pantaila osoa garbitzeko gai izango gara, sekulako sarraskiak eraginda.

Steam bidez eros daiteke prezio murriztuan, baina aldi berean Itch.io webgunean jokoaren doako bertsio mugatua dauka garatzaileak.