Android-en zein iOS-en estreinatu da. Poncle garatzailearen titulua 2022ko lanik arrakastatsuenetakoa izan da.

Askotan aipatu dugu: Vampire Survivors urteko ezustekorik handiena izan da. Castlevania klasikoetatik edaten duen roguelike abenturak milioka jokalari erakarri ditu. PC-an soilik joka zitekeenez, asko eta asko izan dira beste plataforma batzuetan kaleratzea eskatzen zutenak. Horixe bera ustekabean bete du Poncle sortzaileak: gailu mugikorretarako bertsioa merkaturatu du, eta doan deskarga zein joka daiteke.

Ez, ez zabiltza gaizki ulertzen. Vampire Survivors, osorik, eta doan. Egia da berez 5 bat eurotan saltzen den bideojokoa dela —eta gainera, Xbox Game Pass-aren bitartez goza daiteke—, baina sekulako mugimendua egin du garatzaile italiarrak.

Modu horretara, bere proposamen sinple bezain zorora ukipen pantailarekin gozatzea ahalbidetzen du arduradunak. Egia esan, mugikorrak benetan aproposak dira bideojokoaren mekaniketarako: gehienez ordu erdiko partidak izango dira jokatuko ditugunak; hala ere, oso motzak ere izan daitezke.

Izan ere, helburua ehundaka arerio akatzea izango da. Pertsonai desberdinen artean aukeratu, eta partida bakoitzean arma zein objektu anitzak lortuko ditugu: horiek hobetuz, ikaragarrizko sarraskiak eragingo ditugu etsaien armadaren artean.

Kolpeak, gainera, automatikoki jaurtiko ditugu: gure lan bakarra mugitzea, erasoak saihestea, eta etsaiak hiltzerakoan askatutako item-ak batzea izango da. Hori bai, ez da batere erraza izango, partidak aurrera egin ahala pantaila aurkariz beteko baita.

Mugikorretako bertsioa PCkoaren berbera da; hala eta guztiz ere, iragarkien bitartez partidak errazteko laguntzak jasoko ditugu. Adibidez, jokaldia galduz gero iragarki pare bat ikusi eta berpizteko aukera edukiko dugu. Guztiz hautazkoa dela esan beharra dago: nahi izanez gero, ez dugu inolako publizitaterik ikusiko.

Android nahiz iOS sistema eragileak erabiltzen dituzten gailu mugikorretan kaleratu da Vampire Survivors.

Ponclek aditzera eman duenez, etorkizunerako prestatutako eduki gehigarriak ere iritsiko dira hauetara. Orain egun batzuk iragarri zuen italiarrak ordainpeko lehen espantsioa izango dena: Legacy of the Moonspell-ek mapa, pertsonai, arma eta objektu berriak ekarriko ditu.

Vampire Survivors Play Store eta App Store bidez deskarga daiteke, doan.