Paradox Interactivek eta Hardsuit Labsek jokoa garatzeko “denbora gehiago” behar dutela adierazi dute.

Vampire: The Masquerade – Bloodlines 2 datorren urtera atzeratzeko erabakia hartu du Paradox Interactivek. Twitter bidez zabaldutako prentsa ohar batekin iragarri dute atzerapena.

“Gure buruari ezarritako helburu eta kalitate mailaren ondorioz denbora gehiago hartzeko erabaki zaila hartu dugu”, adierazi dute bertan. “Gure helburua beti izan da ahalik eta bideojokorik onena garatzea”.

Ez da Paradoxek Bloodlines 2 atzeratzeko erabakia hartzen duen lehen aldia. Joan den urrian 2020ko lehen hilabeteetatik urte bereko zehaztu gabeko egun batera atzeratu zuten, orain azaldutako arrazoi berberengatik.

Datozen hilabeteetan argitaratze datari buruzko “xehetasun gehiago” eskainiko dituztela agindu dute, eta zaleei “erabaki egokia” izan dela ulertzeko eskakizuna egin diete.

Vampire: The Masquerade – Bloodlines 2 PC, PS4PS5Xbox One eta Xbox Series X plataformetan kaleratuko dute Hardsuit Labs eta Paradox Interactivek.