2024ko udazkenerako prest eduki nahi dute egungo kontsoletarako eta ordenagailuetarako. Paradox Interactive argitaletxeak Hardsuit Labs-ekin iragarri zuen 2019an.

Berri onak Vampire: The Masquerade sagaren jarraitzaileentzat. Bloodlines ospetsuaren jarraipena ez dago hilda: Paradox Interactive argitaletxeak jakitera eman duenez, The Chinese Room arduratuko da RPG abentura bukatzeaz eta kaleratzeaz.

PAX West azokan aurkeztu dute proiektuaren eraberritzea. Bideo berriarekin eta guzti, jokagarritasun atalak ere ageri dira iragarpenean:

Everybody’s Gone to Rapture eta Dear Esther ezagunen arduradunek jokoa “2024ko udazkenerako prest” egotea aurreikusten dute. Dena ondo badoa datorren urtarrilean jokagarritasun bideo gehiago argitaratuko dituztela agindu dute Portsmoutheko bideojokogileek.

“Bloodlines 2 orain arte eduki dugun proiekturik anbiziotsuena da”, nabarmendu du Ed Daly The Chinese Roomeko zuzendariak. “Frankiziaren zaleak jokoa desiratzen daude, eta erronka gure gain hartzeko prest gaude”.

Vampire: The Masquerade – Bloodlines 2rena arazoz eta oztopoz betetako ibilbidea izan da. 2019an iragarri zuen Hardsuit Labs estudioak Paradoxen aginpean: 2020rako kaleratzeko asmoa zeukaten ordu hartan.

Noski, ez zen horrela izan: proiektua 2021erako berandutu zuten lehenengo, eta diseinatzaile narratiboa, gidoilari nagusia zein sormen zuzendaria galdu zituen. 2021. urtean geroratzea aditzera eman zuten berriz, eta Hardsuitekin zeukaten akordioa apurtu zela jakinarazi zuten Paradoxekoek.

Argitaletxeak Bloodlines 2 bertan behera uzteko prest zegoela iragarri zuen ondoren; hala eta guztiz ere, proiektuarekin aurrera egiteko ordezko estudioa aurkitu zutela adierazi zuen Fredrik Wester Paradox Interactiveko arduradun nagusiak.

Vampire: The Masquerade – Bloodlines 2 datorren urteko udazkenean estreinatuko da PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetan.