PCrako garatzen ari da Flyos estudioa: Disco Elysium dute inspirazio iturritzat.
Kwalee argitaletxeak Vampire: The Masquerade – Eternal Whispers aurkeztu du PC Gaming Show emanaldian. Montreal hirira eramango gaituen CRPG sakona izango da.
Banpiroen unibertsoak dozenaka bideojoko desberdin jaso ditu azken hamarkadetan; oraingoan, Flyos taldekoek Disco Elysium hartu dute oinarritzat PCrako sortzen dabiltzan bideojokorako —PC Gaming Show aurkezpenean erakutsi dute lehenik, zehazki—.
Ikuspegi isometrikoa, 3D atal grafiko itxurosoa, aukerak eta pertsonaia mordoa bilduko ditu, “World of Darkness unibertsoari ikuspegi berezia eskainita”. Naturaz gaindiko izakia izango gara, noski, baina gure erabakiek eta abileziek berebiziko esangura edukiko dute abenturak aurkeztuko dizkigun erronka desberdinei aurre egiteko orduan.
Banpiroen eraberritutako gizartea izango da ardatzetako bat narratiboki: Sabbat agintariak desagertuta, Montrealgo banpiroen errealitatea eraldatzen ari da, sekretu ilunek eta helburu zitalek bideratuta. Protagonista nahi bezala eratuta, honen iragana argitzeko ikerketan barneratuko gara.
Flyosekoen lehenengo bideojokoa dela aipatu beharra dago: orain arte, mahaijokoetara bideratutako enpresa izan da. Abiapuntu egokia, behintzat, Vampire: The Masquedaren CRPGa sortzeko.
Kaleratze datarik gabe, ordenagailuetan estreinatuko da Vampire: The Masquerade – Eternal Whispers.
Lander Unzueta
Iruzkinak