Hamar urteren ondoren, Suediako estudioak viktoriar aroko sagaren atal berria iragarri du PDXCON Remixed ekimenaren baitan.

Paradox Interactivek bere sagarik maitatuenetako batean berriz lan egiten ari direla jakitera eman du: Victoriak hirugarren atala edukiko du. Viktoriar arora itzultzeko aukera izango dute zaleek beraz estrategia eta kudeaketa ardatz dituen bideo-jokoan.

Aurreko jokoa orain hamar urte argitaratu ondoren, hurrengo atalaren iragarpena PDXCON Remixed egitasmoaren baitan egin zuten suediarrek. Norbere herrialdeak aurrera egin dezan diplomazia, ekonomia eta bestelako ezaugarri politikoak kudeatu beharko dituzte jokalariek 100 bat nazioren artean aukeratuta.

Laborantzaren edo industriaren aldekoa, tradizionala edo erradikala, baketsua edo espantsionista… bakoitzaren esku egongo da eratu nahi duen herrialdearen nortasuna zer nolakoa izango den. 1836 eta 1936 urteen artean girotuko da Victoria 3. Hori horrela, industrializaziorako prestatu beharko dira herrialdeetako buruak, aro berri baterako beharrezko erabakiak hartuta.

Azaldu dutenez, probintzia eta estatuetan banatuta egongo da munduko mapa: horiekin harremanak sortu eta elkarri eragitea izango da jokalarien helburu nagusia. Kudeatze ezaugarriak benetan sakonak izango direla agindu dute garatzaileek: akzioa alboratu egingo dute mekanika lasaiago eta konplexuagoak gaineratzako asmoarekin.

Oraindik argitaratze datarik gabe, PCrako titulua izango da Paradoxena: Xbox Game Pass harpidetza zerbitzuan kaleratuko dutela iragarrri dute arduradunek. Horrez gain Steam eta Paradoxen saltokian ere argitaratuko da Victoria 3.