52 urterekin hil dela baieztatu dute Valve eta Arkane estudioetako lankide ohiek.
Viktor Antonov, Half-Life 2 zein Dishonored maisulanen arte zuzendaria, beste hainbaten artean, zendu da.
Sortzaile bulgariarrak 52 urte zituen. Marc Laidlaw Half-Lifen gidoilari nagusiak aditzera eman zuen albistea atzo, eta, ostean, mundu osoko lankideen mezuak irakurri ahal izan genituen sare sozialetan.
Quake IIren eduki gehigarrietan zein Kingpin: Life of Crime mitikoan hasi zuen bere ibilbide profesionala artista lanean. HL2 maitatuan hartu zuen lehenengoz arte zuzendariaren kargua, gaur egun oraindik horren ondo ezagutzen ditugun 17 Hiria nahiz beste hainbat kokaleku irudikatuta.
Ostean, Gordon Freeman-ekin bisitatu genuen hiriarekin antzekotasun handiak dituen Dishonoredeko Dunwall ikaragarriaz arduratu zen Antonov, baita Wolfenstein: The New Order zoragarriaren kokaleku beldurgarri bezain ikusgarriak sortzeaz ere.
Dishonored 2, Doom 2016, Fallout 4 eta Prey bikainetan aholkulari eta laguntzaile gisa aritu ondoren, gaur egun Project C eta Project DG izeneko proiektu misteriotsuetako arte zuzendari lanetan zebilen.
Iruzkinak