Vox Machinae 2022ko maiatzaren 13an Space Bullet Dynamics Corporation taldeak argitaratutako bideojokoa da, garapena jende berdinaren mende zegoelarik. Kaleratze data ofiziala aipatutakoa izan arren, jokoa 2018tik egon zen eskuragai.

Errealitate birtualeko gailuak erabilita joka daiteke, baita hauek erabili gabe, betiko pantaila arruntetan. Steam saltokian dago salgai, eta errealitate birtualeko gailu desberdinekin erabil daiteke bertan, horretaz gain Oculus Quest 2 gailuak erabiliz ere jolastu daiteke ordenagailu baten laguntzarik gabe. Vox Machinaek jokalari bakarrerantzako kanpaina eta online bidezko hamasei pertsonentzako multijokalaria eskaintzen ditu, kasu guztietan lehen pertsonako ikuskera erabiltzen duelarik. Analisi honek ordenagailu bidezko errealitate birtualeko bertsioa aztertuko du.

 

Robot erraldoiak kontrolatzearen esperientzia eredugarria

Istorioa etorkizunean kokatzen da. Serus izeneko sisteman gaude, bertako planetetako meatzaritza lanetan, baliabideak ustiatzen. Horretarako “birringailu” (grinder) bezala ezagunak diren robot erraldoiak erabiliko ditugu. Jokoaren hasieran talde ezezagun baten erasoa pairatuko dugu eta ondo erantzuteko gai garela erakustean, gure lanpostuan gora egingo dugu. Ondorioz robotak mineralak jasotzeko erabiltzeari utzi eta meatzariak babesteaz arduratzen den Horizon Corporate enpresaren segurtasun taldeko kide bilakatuko gara. Hau dela eta birringailu erraldoiak erabiltzen jarraituko dugu, baina borroka eginez gure taldearen meatzariak babesteko.

Kanpainaren hasieran kontrolak ikasteko borrokaldi bat aurkeztuko digute.

Vox Machinaek bi atal nagusi eskaintzen dizkio jokalariari: alde batetik, bakarkako kanpaina, hamar ordu inguru irauten duena, bestalde online bidezko multijokalaria ere badago, hamasei pertsona edo hauek ordezkatuko dituzten botekin erabili daitekeena.

Kanpainak gure espazio ontzian daramagun bizitza eta misioetako akzioa uztartzen ditu. Misio bakoitza hasi baino lehen ontzitik ibiliko gara, gela desberdinetatik ibili zein teleportatuko gara, egun horretan robota erabiliz gure zeregina zein izango den jakiteko jendearekin hitz eginez. Informazioa jaso ondoren benetako ekintzaren unea etorriko da eta hau bukatutakoan, berriz aurkituko dugu geure burua espaziontzian, hurrengo atazaren berri jasotzeko.

Zenbait robot besteak baino azkoz txiki eta azkarragoak dira, baina ahulagoak ere bai.

Jokoaren mamia roboten kontrolean dago, zalantzarik gabe. Errealitate birtualaren kasuan murgiltze maila ona lortzen saiatu ziren garatzaileak. Birringailuaren kabinan topatuko dugu gure burua eta kontrol sinple batzuen bitartez mugikortasun, jauzi, arma eta irrati bidezko komunikazioaren jabe egingo gara.

Palanka batekin geldi, aurrera zein atzera joateko abiadura aukeratuko dugu eta beste batekin ezker zein eskuinerantz mugitzekoa. Jauzi egiteko botoi bat daukagu eta armak nora jaurti nahi ditugun tokia aukeratzeko gure begirada erabiliko dugu. Oso erabilgarria da azken hau, mugimendu jakin bat egiteak ez baitu galarazten beste nonbaitera erasotzea. Eraman ditzakegun lau armak eskuetako kontroletako katu eta botoiekin aktibatuko ditugu.

Murgiltze eta sinesgarritasun interesgarria lortzen du hemen jokoak, baina, kontuz, simulatzailea da. Ez da erabat erraza izango, mugimendu geldoak diren arren ekintzak aurreikustea komeni da, erasoak nola egingo ditugun adibidez, ez baitago tirokatze-laguntzarik. Horrez gain, robotak badauzka bere mugak, jauzi egiteko zein armak erabiltzerakoan erregai zein berotasunari dagozkien gehienezko kopuruak dauzkagu, beraz, ez da tirokatze eta salto ahalmen mugagabe bat egongo, neurtu egin beharko dugu hauen jarioa.

Robotak jasotako kalteak kabinan zein kontrolatzerakoan nabarituko ditugu.

Esan daiteke kanpainak jokora jolasten ikasteko prozesuan laguntzen duen ibilbidea bezalakoa dela. Misio gero eta zailagoak eskainiko zaizkigu eta honekin batera, istorioa garatuz joango da. Multijokalaria ordea, ikasitakoa praktikan jartzeko erabili daitekeen gunetzat ere har daiteke.

Jokoaren mamia roboten kontrolean dago, zalantzarik gabe.

Multijokalaria hamasei jokalarirentzat dago pentsatuta, jendea falta izatekotan ordenagailuak kontrolatutako boten bidez ordezka daitezke kideak. Hamasei partaideak 2-4 taldetan bana daitezke, taldekideekin elkarlanean beste jokalari batzuen aurka lehiatzeko.

Jolasteko modu ezberdinak eskaintzen ditu, mapako lantegi gehienak kontrolatzera bultzatzen gaituen bat eta makina monolitiko bat babestea eskatzen digun beste bat. Hasieran esan bezala, errealitate birtualeko gailuak beharrezkoak ez direnez, gailuokin zein pantaila arruntak erabiliz joka daiteke eta guztiek joka dezakete batera bide ezberdinak erabiliz baldin bada ere. Aipagarria da gure taldeko kideekin mintzatzeko kabinan izango dugun walkie-talkiea hartu eta hitz egin beharko dugula, jokoaren ahots bidezko txata erabiltzeko.

Espaziontzian tripulazioa ezagutu eta eguneroko bizitza egingo dugu gure kideekin.

Ibilgailu desberdinak erabil daitezke bakoitzak bere ezaugarri ezberdinak dituenak, batzuk astunak dira beste batzuk askoz arinagoak. Zeregin eta jokatzeko estilo desberdinetarako eginak daude. Erabiliko ditugun lau arma edo gailuak ere mota desberdinetakoak dira, bakoitzaren botoia geuk aukeratuko dugularik: misilak, laserrak, metrailadoreak… Multijokalarian askatasun osoa izango dugu hauen artean aukeratzeko, kanpainan bestalde, misioaren arabera, batzuetan aukeraketa jadanik eginda egongo baita.

Armak nora jaurti nahi ditugun tokia aukeratzeko gure begirada erabiliko dugu.

Bideojokoak garatu duen bidean aukera gehiago gehituz joan da, errealitate birtualeko aginteez gain jokoa kontrolatzeko beste modu batzuk ere baimendu dituzte: teklatua eta sagua, aginte arruntak eta bukatzeko, palanka eta azeleragailu (HOTAS) ereduko zenbait aginte (orokorrean hegaz egiteko simulatzaileetako erabiltzen direnak) ere atondu dituzte.

Robot bat suntsitzerakoan gidariak ihes egiten du, bere bizia salbatzeko.

 

Kontuan hartzeko zenbait atal

Arestian babestu bezala, Vox Machinae-k modu interesgarrian aurkezten du robot erraldoi bat kontrolatzearen esperientzia. Artelan honen beste zenbait atal ere ezagutzea komeni da ordea, hain positiboak izan ez daitezkeelako.

Jokoak misioetan erakusten du bere mamia joko bezala, baina hauetako bakoitza bukatu ostean espaziontzira bueltatzen da. Bertan, zenbait elkarrizketa izango ditugu eta erakutsitako maila misioen atala baino beherago dago orokorrean. Diseinuen kalitate aldetik zein kontatzen diren edukien aldetik kasu batzuetan hain interesgarriak ez direla eman dezake.

Argi dago misio baten aurretik moduren bateko hasierako informazio bat jasotzea interesgarria dela, baina beharbada, proposatu zuten “espaziontziko elkarbizitza” irudikatzea, helburu altuegiak ezartzea izan zen. Erabiltzaile desberdinek aipatu izan dute horretarako erabili zituzten denbora eta baliabideak beste zerbaitetan erabiltzea erabaki hobea izango zela.

Zenbait misiotan toki batzuk inbaditu edo babestu beharko ditugu.

Aipatzekoa da, baita ere, erabiliko ditugun robot edo birringailu gehienak oso handiak direla. Kasu batzuetan 30 metro inguruko garaierara hurbildu daitezkeenak. Zenbait jenderentzat bilatzen zuten esperientziatik nahiko urrun zegoela ere aipatu izan da, beste proportzio batzuk bilatzen zituztelako.

Robot erraldoi baten kabinan egon eta hau kontrolatzearen esperientzia islatzen ahalegin berezia egiten duen bideojokoa dugu hau. Kanpaina gozatzeko aukera interesgarria da, baita multijokalaria ere, gurekin jolastuko duen norbait izatekotan batez ere. Alde negatiboak ezagutuz, aukera izatekotan probatzea merezi duen esperientzia izan daiteke, norberarentzat gozagarria izango den ala ez erabakitzeko.