Terry Cavanagh-en obrak zazpi urtetan kaleratzen duen lehen adabakia da 2.3 bertsioa. Akatsak zuzendu eta denetariko hobekuntzak gaineratzen dizkio bideo-joko ezagunari.

Bideo-jokalari beterano asko oroituko dira 2010ean argitaratutako VVVVVV indie plataforma abenturaz. Terry Cavanagh garatzailearen lana PC, Nintendo 3DS, Nintendo Switch, PlayStation Vita, PlayStation 4, Android edota iOS bezalako plataforma ezagunetan kaleratu izan da, eta orain hamarkada bat baino gehiago kaleratu arren, oraindik zaleen artean maitatua izaten jarraitzen du. Horren adierazgarri da komunitatearen laguntzari esker eratutako 2.3 eguneraketa berria.

Izan ere, jokoaren hamargarren urteurrenarekin batera Cavanaghek lanaren kodea askatu eta Github-en eskuragarri jarri zuen. Horren ondorioz komunitateak kodea hartu eta hobetzeari ekin zion 2020ko urtarrilean. 2.3 bertsioak akatsak zuzendu, hobekuntzak gehitu eta ezaugarriak gaineratzen dizkio indie jokoari.

Segundoko 60 irudi baino gehiagoko tasarekin jokatzeko aukera, hobekuntzak grafikoetan, mailen editorearentzako ezaugarri berriak… aldaketen zerrenda amaigabea da. Berritasun guztiak jokoaren wiki orrialdean irakurri daitezke.

Cavanagh bere blogean mintzatu da eguneraketari buruz. Azaldu duenez “lan gutxi egin du adabakian”, eta horrek “urduritu” egiten duela aitortu du. Hala ere, “berritasun guztiek 2010eko jokoaren bertsiorik onena lortzeko balio dutela” adierazi du indie garatzaileak, eta adabakian lan egin duten guztiei bere esker ona adierazi die.

Eguneraketa jokoaren kodea askea egitearen ondorio zuzena dela ziurtatu du; izan ere zazpi urtetan jasotzen duen lehen eguneratzea da 2.3 bertsioa.