Wall World Alawar taldeak garatu eta argitaratutako lana da, 2023ko apirilaren 5ean, hain zuzen. PCko Steam saltokian dago salgai, bertan oinarrizko jokoa, Deep Threat izeneko eduki jaitsigarria (DLC) zein soinu banda aurkituko ditugu. Jokalari bakarrarentzako abentura da, meatzaritza eta tirokatze bidezko borrokak uztartzen dituen roguelite eredua jarraitzen duen bideojokoa izan ere. Analisi honek oinarrizko jokoa aztertuko du soilik.

Bideojokoak horma erraldoia daukan mundu batean kokatzen gaitu, jadanik jendea ez da bizi lurrazalean. Harresiak hainbeste kilometro dauzka gorantz, beherantz, ezkerrantz zein eskuinerantz, dagoeneko jendeak ez dakizki bere mugak. Zientzia fikziozko kokapen honek aspaldiko zibilizazioen aztarnak erakusten ditu, eta galduta dauden hainbeste teknologia zein gailu.

Protagonistaren zibilizazioko biztanleria eskegita dauden nukleoetan edo egituretan bizi da, eta aspaldiko teknologia ezezagunaren arrastoetan bizi dira ahal duten moduan. Zenbait pertsona teknologia maila eskasarekin bizi da; gure protagonistak, ordea, makineria nahiko modernoa erabiltzeko aukera dauka.

Jokoa gainditutakoan etsai nagusiaren atzerako kontaketa desagertuko da, errazago esplora dezagun.

 

Harresi erraldoia ezagutuz...

Wall World bi dimentsioko joko bezala aurkezten da, nahiko berezia da prozesuaren atal handi batean gure mugikortasuna gorantz eta beherantz mugatuko dela, hots, harresian gora eta behera gabiltzanean. Izan ere, Ben izeneko protagonistak roboarmiarma (robospider) bat erabiltzen du. Ibilgailu hau teknologikoki aurreratua da, eta hobekuntza ugari egin dakizkioke. Honi esker horman zehar aurkituko dituen arerioen aurka egin ahal izango du borroka, baita harresiaren barnealdean indusketak eginez bertan dauden material baliotsuak lortu ere.

Bi dinamika nagusi horiek dauzka jokoak: alde batetik, roboarmiarma erabiliz pareta itzelean zehar ibiliko gara, meatzeguneak bilatzen. Lantzean behin Zyrex izeneko izakien erasoa pairatuko dugu eta gure ibilgailuaren armak erabiliz aurre egin beharko diegu.

Esan bezala, meatzegune bat aurkitzen dugunean eta Zyrexak gure aurka ez dabiltzanean, mineralak ustiatzeari ekingo diogu. Horretarako gure garraiobidetik irten, exoeskeleto bat jantzi eta meatzeetan barna ibiliko gara, bertako mineralak txikitu eta baliogarrienak gure roboarmiarmara bueltatuz. Mineralak bilatzerakoan lau norabidetan mugitzeko ahalmena izango dugu.

Zyrexek boladaka erasoko gaituzte, airez zein lurrez.

Jokoak roguelite izaera argia dauka, alde batetik, jokaldi bakoitzean “hasieratik” abiatuko gara eta hainbeste aldagai prozeduralki sortuak izango dira. Bestalde, jokaldi bakoitzaren bukaeran, irabazitako zenbait ondasun hobekuntzak lortzeko erabili ahal izango ditugu, eta azken hauek etorkizuneko jokaldietan mantenduko dira.

Garrantzitsua da argitzea mota desberdineko ondasunak aurkituko ditugula. Batzuk, esan bezala, hasieratik izango ditugu, eta jokaldien artean gure roboarmiarma hobetuko dugu, bere atal ezberdinak hurrengo mailara eramanez. Badaude honelako beste batzuk, baina hasieratik eduki ez eta jokaldietan zehar aurkitu behar ditugunak, ondoren, jokaldien artean hobetuz joango garenak.

Eta, bukatzeko, jokaldi bakoitzaren hasieran beraien oinarrizko mailan ezartzen direnak ditugu. Azken hauek jokaldi bakoitzean hobetuko ditugu eta jokaldia bukatuz gero, hurrengo jokaldian hasieran egon ziren mailan egongo dira berriro ere.

Beharrezko materialak ustiatuz armak zein ekipamendua hobetu ahal izango ditugu.

Praktikan, bai Benek zein roboarmiarmak lanabes eta arma ugari dauzkate egoerei erantzuna emateko. Meatzeetan azkarrago ustiatzeko lehergailuak zein dardara-sortzaileak, izango ditu eskuragai, baita ibilgailuak eskainiko dizkion meatzaritza laguntza anitz ere.

Zyrexen aurkako borrokei dagokienean, hauek suntsitzeko metraileta zein lantza jaurtitzaile bortitzak egongo dira erabilgai, baita lehergailu aldaera desberdinak. Oso anitza da ekipamendu eta arma kopuru mailan, baina jokoaren ausazko izaera dela eta, zenbait objektu ez ditugu aukeratuko eta jokaldi bakoitzean aurkitzen dugunarekin moldatu beharko gara.

Zyrexak gure aurka ez dabiltzanean, mineralak ustiatzeari ekingo diogu.

Zyrexak espezie desberdinetakoak dira, eta guztiek izango dute gure roboarmiarma jomugatzat. Gehienak airez etorriko zaizkigu eta beste batzuk hormatik oinez. Hauetako batzuek tiro egingo digute, beste zenbaitek ahalik eta gogorren kolpatu eta beste zenbaitek beraien burua guganantz bidali eta lehertarazi egingo dira. Mota desberdinetakoak dira baina estetikoki argi erakusten dute ezagutzen ditugun bizidunekin zerikusirik ez dutela.

Kasu batzuetan suntsitutako roboarmiarmak topatu eta beraien arma arpilatuko dugu.

Zorionez, teknologiak lana erraztuko digu, gure roboarmiarmaren egoera adierazten duen marra berdearen ondoan, denborarekin hazten doan marra more bat dago, hau betetzen den bakoitzean Zyrex etsai bolada bat etorriko zaigula aurreikusiko dugu, gainera soinu bidez ere jasoko dugu ohartarazpena.

Baina ez hori bakarrik, pantailaren goikaldean atzerakontu bat edukiko dugu, hau bukatzen denean arerio nagusiaren erasoa jasoko dugu. Azken honen aurka behin baino gehiagotan egin beharko dugu borrokan, bakoitzean aurrekoan baino oldarkorrago zuzenduko zaigularik.

Hormaren erdialdean hasten ditugu jokaldiak eta gorantz zein beherantz joan gaitezke. Bioma desberdinak daude eta ekipamenduak behar bezala hobetzeko mota anitzeko materialak lortu beharko ditugu.

 

Zenbait diseinu erabaki zalantzagarri...

Behin jokoaren dinamika ulertuta, jokaldiez gozatzeko aukera izango dugu. Meatze-abilezien eta eraso-abilezien artean oreka bat ezarri beharko dugu, elkarri elikatzen diren jokoaren atalak baitira. Hala ere, Wall World-ek badauzka zenbait gauza probatzekotan daudenei azpimarratzeko modukoak.

Jokaldi bat bukatutakoan zenbait hobekuntza aplikatuko ditugu, betirako mantenduko direnak.

Roguelite bat da, baina ez dauka arloko beste bideojoko batzuen egitura berdina. Joko honetan ezinezkoa da lehen jokaldian jokoa burutzea, zorte onak eta erabaki bikainak egin arren, hori ezinezkoa da. Izan ere, jokoak muga bat dauka, eta beharrezkoak diren zenbait osagai lortu arte gure protagonista porrotera kondenatuta egongo da, bizia ihes egiteko kapsula bati esker salbatuko duen arren.

Gainera, jokoak ez du honen berririk ematen eta sarea galdera berdinaz josita dago bere foroetan “Zergatik akabatzen nau beti arerio nagusiak azken fasean?”.

Jokoaren ausazko izaera dela eta, zenbait objektu ez ditugu aukeratuko eta jokaldi bakoitzean aurkitzen dugunarekin moldatu beharko gara.

Beste atal bat jokoaren aurrera egiteko prozesu mota da, ezaguna da honelako jokoetan nahiko ahul hasten zarela eta gehiago jokatzearen poderioz, mantentzen diren hobekuntzak lortzen direla. Kasu honetan, hasierako abiapuntuan oso ahul kokatzen dute jokalaria, oso zaila litzateke lehen jokaldian oso urrun heltzea, guztia ondo egin arren porrotera kondenatuta dago (aurretiaz aipatutakoaz gain).

Egia da, mantentzen diren hobekuntzen jarioa ona dela eta jokaldi bakoitzarekin azkarragotu egiten dela garrantzitsuenak lortzeko erritmoa. Baina roguelite generoan interesgarria izaten da denbora luze baten ondoren, burututa geneukan joko bat hartu eta zerotik hasitako partida batean noraino heltzeko gai garen neurtzea, hemen hori egiteak ez dauka zentzurik.

Etsai nagusiak behin baino gehiagotan erasoko gaitu borroka latza eskainiz.

Amaitzeko, zenbait kexa egon dira aginte eta Steam Deckaren kasuan jokoak egiten duen kontrolen kudeaketaz. Alde batetik. Kontrol ezarpenek teklatuaren aginduak bakarrik zerrendatzen ditu eta ez dago argi aginte bidez komando guztiak estaltzen dituen eredua dagoen.

Horrez gain, joystickak erabiltzerakoan, hauekin sagu digital bat maneiatuko dugu, hori dela eta tiro egiterakoan esperientzia ez da erabat naturala joysticken eredurako. Eta honek ez du zerikusirik roboarmiarmaren kanoiak mugitzeko daukan geldotasunarekin, hori jokoaren ezaugarri bat da, nahita eginda dagoena. Zoritxarrez, gaur egun teklatuarekin eta saguarekin jokatzea askoz erosoagoa da hainbat erabiltzailerentzat.

Bukatzeko, roguelite izaera duen bideojoko berezia dugu Wall World. Proposamen interesgarria egiten du borrokak eta meatzaritza lotzerakoan, eta eskatzen duen prezio apala ikusita aukera duina izan daiteke. Hala ere, komenigarria da hau sortzerakoan hartu diren zenbait erabaki zalantzagarriren berri izatea, gozagarria izan daitekeen esperientzia izorra baitiezagukete erabakiok.