Super Smash Bros. Brawl eraberritzen duen Project M modaren baitan prestatu dute zaleek borroka jokorako horrenbeste desiratzen duten pertsonaia.

Super Smash Bros. sagako borrokalari berri bat aurkezteko ordua iristen denean, seguraski gehien irakurtzen den izena Waluigirena da. Wario baldarraren lagun mina, Waluigik ez du joko propiorik izan, orokorrean Nintendoren iturginaren kirol lanetan parte hartuta: Nintendo 64-ko Mario Tennis jokoan ezagutzera eman eta ondoren Mario Kart, Golf, Strikers, Party eta beste hainbatetan agertu da, bideo-jokozaleen artean pertsonaia maitatuan bilakatuta. Borroka jokoen kanpoan geratu den arren, zaleek Waluigi mod bidez gehitu dute Wii kontsolako Super Smash Bros. Brawl jokora.

Zehazki 2008ko bideo-jokoa goitik behera zaharberritzen duen Project M ezagunera gehituko dute Waluigi datorren urrian. Berarekin aspalditik jokatu daitekeen arren, borrokalaria etengabe hobetzeko eta orekatzeko lana egiten dabiltza, mugimendu berriak eta guzti gaineratuta. Horiek ezagutzera emateko trailer benetan berezia prestatu du King Bob Gaming zaleak.

Super Smash Bros. jokoetako iragarpen ofizialen estiloa jarraituta, borroka jokoetan aurkitu daitezkeen Marioren unibertsoko pertsonaia guztiak agertzen dira bertan. Azken urteetan denetarik ikusi dute zaleek: Mario, Peach, Wario eta Bowser daude bai, baina Piraña landarea, Koopaling guztiak eta bestelako bigarren mailako pertsonaiak aukeratu daitezke. Waluigi triste azaltzen da horregatik, nola ez, eta trailerrean borroka jokora sartzeko bide baten bila agertzen da.

Ez hori bakarrik, trailerrak bestelako berritasunak aurreratzeko ere balio izan du. Bukatzerakoan The Legend of Zelda: Majora’s Mask-eko ilargi beldurgarria ikus daiteke, barre algara ezagun bat entzutearekin batera. Joko horretako etsai nagusia zen Skull Kid-ena da hain zuzen ere, beraz pertsonaia honen inguruan ezagutzera emateko berriak dituztela suposa daiteke.

Project M 2011. urtean kaleratu zuen borroka jokoen komunitateak. Brawl atala Gamecube-ko Melee jokoaren mekanika eta jostagarritasunera moldatzeko helburuarekin jaio zen proiektua, eta urteak pasa ahala era guztietako berritasunak eta aldaketak gehituz joan izan dira. Mod hau emulatzaileetan zein Wii kontsoletan erabiltzeko aukera eskaintzen dute garatzaileek.

Arazo legalak saihesteko asmoarekin 2015. urtean proiektua bertan behera utzi arren, moda hobetzen jarraitzen duten komunitateko kideak daude oraindik, Waluigi zein bestelako pertsonaiak gehituta adibidez. Moda erabiltzeko jarraitu beharreko pauso guztiak Project Mren web orrialdean aurkitu daitezke.