Bulkhead estudioa jokalari kopuruari erantzuteko arazoekin ibili bada ere, harrera ona jaso du Battlefield eta ARMA tiro jokoen oinordekoak.

Early access fasean estreinatu da Wardogs. Bulkhead taldearen eta Team 17 argitaletxearen tiro jokoa arrakasta hutsa da dagoeneko, Bi milioi salmentak gainditzea lortu dutela iragarrita.

Gerra masiboko lehen pertsonako tiro joko taktikotzat aurkeztu dute egileek; argi diotenez, "ez da battle royale edo ateratze tiro jokoa". ARMA zein Battlefield ezagunagoen elementuak bereganatzen dituen fps multijokalariaren aurrean gaude, horren ordez. 33 jokalariko hiru talde batzen ditu gudu zelaian, mapa kontrolatzerakoan askatasun handia eskainita.

Muinoko erregea joko motan oinarritutako modalitate nagusiarekin, mapan ausaz sakabanatutako 2×2 kilometroko kontrol guneak konkiskatzea proposatzen da Wardogsen. Taldearen baitan koordinazio maila handia eskatzen da, lanak eta misioak banatuta: jokalari guztiak tiro egin dezaketen soldaduak badira ere, garraio, errekonozimendu eraikitze eta bestelako lanak burutzen ibili ahal dira, puntuak eskuratuta taldea hornitzeko zein babesteko. Simulazioa zein arkade tiroketak batzen ditu jokoak, bi muturretako jokalariak erakarrita.

Duela egun batzuk beta irekia abiatu zuten, milaka jokalariren begiradak erakarrita, aurretiazko sarbidearen estreinaldirako prestatzeko. Balorazioek hoberantz egin badute ere, hasiera batean Steam plataformako iritziak askotarikoak ziren; ez da harritzekoa, zerbitzariak ez baitziren jokalari kopuruari erantzuteko prest egon. Askok jokatzen hasteko itxarote luzeak edo arazoak eduki zituzten hasiera batean. Egoera hobetzen joan dela aitortu beharra dago, eta aldibereko 428.000 jokalariak gainditu dituzte.

Aurretiazko sarbideari dagokionez, asmoa “urtebete edo bi urte irautea” da. Mapa, arma edo ibilgailu gehiago inplementatzen joan nahi dute, baina, batez ere, “jokoaren denboraldikako meta edukietan eta jokalariak lotuta edukitzeko mekaniketan sakontzea” da egileen asmoa, “oreka, errendimendua eta egonkortasuna areagotuz”.

Wardogsen aurretiazko sarbidea PCan estreinatu da: Steam saltokian aurkituko dugu.