PC, PS5 eta Xbox Series gailuek jasoko dute Bulwark Studios-en lana: bi fakzio eta kanpaina eskainiko ditu.
Warhammer 40.000: Mechanicus II bihar, maiatzaren 21ean, kaleratuko dela jakitera eman du Kasedo Games argitaletxeak.
Ordenagailuko jokalariek nahiz PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletako erabiltzaileek ikusiko dute 40K unibertsoan girotutako joko berria. Mechanicus arrakastatsuaren jarraipen zuzenak oinarri berberak eskainiko ditu: hau da, XCOM estiloko txandakako borroka taktikoak izango dira ardatza, RPG mekanikekin apainduta.
Bi fakzio gidatu ahalko dituzte jokalariek: Adeptus Mechanicus eta Necron taldeak, alegia. Berezko unitateekin eta estrategiekin, bakoitzarentzako kanpaina ere prestatu dute Bulwark Studios taldeko garatzaileek. Buruzagiak ere mugituko dira partidetatik: unitate indartsu hauek iaiotasun bereziak eta estatistikak hobetzeko abilezien zuhaitz konplexua edukiko dute.
Lauki sarez osatutako gudu zelaietan borrokatzeaz gain, estrategia zantzuak ere ageri dira bideojokoan; horrela, mundu mapan sakabanatutako eskualdeak konkistatzea eta kudeatzea da beste helburuetako bat, baliabide garrantzitsuak lortzeko xedearekin.
2018. urtean argitaratutako lehen Mechanicus tituluak ikaragarrizko balorazioak jaso zituen, frankiziaren jokorik maitatuenetakoan bilakatzea lortuta. Mechanicus IIren estreinaldi egunean ospatuko da, gainera, Warhammer Skulls 2026 ekitaldia. Bertan etorkizuneko unibertsoari lotutako bideojokoen iragarpenak espero dira; 2024koan ezagutu genuen, hain zuzen, Mechanicus II.
Bihar kaleratuko da Warhammer 40.000: Mechanicus II PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan.
Lander Unzueta
Iruzkinak