Boltgun 2 eta Warhammer Survivors ere igaro dira jaialditik, Dark Heresy-ren eta Total War berriaren albisteekin batera.

Warhammer Skulls 2026 jaialdia ospatu dute Games Workshop-ekoek. Unibertso zabal honi buruzko berritasun ugari eskaini dira bertan, bideojokoen presentzia nagusituz: Dawn of War IVren kaleratze data edo Age of Sigmar: Deathmaster eta Chaos Gate – Deathwatch berriak iragarri dituzte arduradunek.

Warhammer 40.000: Dawn of War IVtik hasita, irailaren 17an PCan merkaturatuko dela aditzera eman dute. Denbora errealeko estrategia proposatuko dute berriz, oraingoan KING Art Games taldearen eskutik. Lau fakzio —Space Marine-ak, Ork-oak, Necron-ak eta Adeptus Mechanicus-ak—, kanpainarentzako 70 misio, eta jokalari bakarrarentzako zein multijokalarirako denetariko joko motak eta aukerak agintzen dituzte.

Iragarpenekin jarraituz, Warhammer Age of Sigmar: Deathmaster aurkeztu dute, Age of Sigmar unibertsoan girotutako berritasun handia. Arratoi itxuradun Skaven asasinoa izango gara bi dimentsioko akzioa eta plataformak biltzen dituen abentra odoltsuan. Xehe

Xehetasun handirik eman gabe geratu badira ere, 2027an PC, PlayStation 5, Switch 2 eta Xbox Series plataformetan estreinatuko da Old Skull Games estudioaren eta Dotemu indie argitaletxearen eskutik.

Warhammer 40.000: Chaos Gate – Deathwatch ezagutzera eman da, baita: Chaos Gate – Daemonhunters interesgarriaren jarraipen zuzena. XCOM estiloko txandakako borrokak proposatuko ditu 40K unibertsoan: xenomorfoak ehizatzea izango da gure helburua, horretarako Deathwatch taldeko soldaduak kudeatuz eta pertsonalizatuz.

PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan estreinatuko da, baina kaleratze data zehaztu gabe utzi dute.

 

 

Atsedenik hartzen ez duen unibertsoa

Ez dira erakutsitako joko bakarrak izan, ordea. Owlcat Games prestatzen ari den Warhammer 40.000: Dark Heresy CRPG abentura ikusgarriaren jokagarritasun bideo berria utzi digute, beta faseari hasiera emanez; jarraituz, poncle indie garatzaile ezagunarekin batera garatzen dabiltzan Warhammer Survivors-en bideo berria erakutsi, demoa iragarri, eta aurten PC, PS5, Switch, Xbox Series, Android eta iOS plataformetara iritsiko dela berretsi dute; Total War: Warhammer 40.000 desiratuak ere trailerra jaso du, hainbat heroi baieztatuta; bukatzeko, Warhammer 40.000: Boltgun 2 tiro joko frenetikoak doako demoa jaso du.

Eguneraketak ere aipatu beharra daude: Warhammer 40.000: Space Marine 2 Purgation deitutako doako gaurkotzearekin elikatzen jarraituko dute, Warhammer 40.000: Darktide beteranoak Skitarii pertsonaia mota jasoko du, Total War: Warhammer IIIk Bhashiva giza-tigreak gehituko ditu, eta Warhammer 40.000: Rogue Trader ikaragarriak hirugarren The Infinite Museion DLCa ikusiko du ekainaren 11n.

Ahaztu aurretik, Warhammer Classics bildumak sagako 20 bat bideojoko klasiko batu ditu dagoeneko PCan.

Warhammer unibertsotik kanpo, Helldivers 2 arrakastatsuarekin elkarlana iragarri dute Games Workshop-ekoek. Urtea bukatu aurretik warbond eguneraketa bidez gehituko dira 40K unibertsoko elementuak PlayStationen eta Arrowhead Game Studios-en tiro joko kooperatibora.

Ziur zerbait kanpoan geratu dela, baina, printzipioz, hauek dira Warhammer Skulls 2026 ekimeneko iragarpen nagusiak.