Total Mayhem Games estudioak bere saga kooperatiboaren laugarren atala aurkeztu berri du PC, PlayStation eta Xboxerako.

Castle Rock maltzurrera itzuliko dira jokalariak We Were Here jokoen atal berrian. We Were Here Forever iragarri du Total Mayhem Gamesek trailer zinematiko batekin.

Puzzle joko kooperatibo honek bi jokalari elkarlanean aritzera eramango ditu. Komunikazioa ezinbestekoa izango da, eta hori sustatzeko ahots bidezko txata erabiltzea derrigorrezkoa da jokoan aurrera egiteko: bi pertsonaia protagonistek walkie-talkieak erabiliko dituzte elkarrekin hitz egiteko, eta hori simulatuko du bideo-jokoak.

Elkarrekin gaztelutik ihes egitea lortu beharko dute, bata bestearen begi eta belarrietan bilakatuta. Hori horrela, derrigorrez beste lagun batekin jokatu beharko da mikrofonoak aktibatuta.

Kokaleku berriak prestatu dituztela baieztatu dute arduradunek. Gazteluarekin batera, kanpamenduetatik eta izoztutako eremuetatik aurrera egingo dute esploratzaileek.

Baieztatutako plataformen artean daude PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One; argitaratze datari dagokionez 2021ean kaleratuko dute We Were Here Forever, eguna zehaztu gabe.