Sbug Games garatzaile talde australiarrak 2021ean argitaratu zuen abenturan euskaraz jolas daiteke PCan eta Steam Deck kontsolan, itzulpen ez ofizialarekin.

Webbed abentura eta plataforma jokoak oinarrizko mugimendu gutxi batzuetan oinarritzen du bere arrakasta: amarauna jaurti eta bertatik zintzilik balantzaka aritzea, eta armiarma sare berari esker gauzak elkarrekin lotuz edo mugituz puzzleak osatzea. Oinarri sinple honen gainean, plataforma eta puzzle ezberdinei esker, ordu dibertigarri batzuk pasarazten dizkigu.

Une atseginak igarotzea da jokoaren helburua, eta armiarma protagonistak bere bidean topatuko dituen zomorroek sentsazio gozo hori lortzeko funtsezko rola betetzen dute. Adiskidetasuna, kooperazioa, eta errespetua dira pertsonaia guztiek partekatzen dituzten ezaugarriak. Tira... txoritzarrak izan ezik, istorio orok behar baitu bere antagonista. Izan ere, jokoaren istorio nagusia erreskate operazio bat da, txori ankerrak gure protagonistaren mutil-laguna bahitu eta Zeruko Pergolan daukan bere habiara eraman baitu.

Baina erreskaterako beharrezko laguntza lortzetik aparte, basoan batetik bestera ibiltzea da joko honen xarmaren funtsa. Amaraunean balantzaka, pantailan zehar abiada bizian igarotzean sentitzen den askatasuna zoragarria da. Webbed-en helburua ondo pasatzea da eta, bere sinpletasunean, helburua ederto lortzen du.

Istorioaren egiteko nagusiez gain, ezkutuko leku sekretuen bila joan zaitezke, edo, besterik gabe, ahal duzun amaraunik ederrena ehuntzen nahi beste denbora eman.

Gaur egungo bideojoko askorekin gertatzen denaren kontrara, Webbed bukatzeko ez da beharrezkoa erreflexu bizkorrak eta teknika bikaina edukitzea. Jokoaren azken unean ere, zailtasun mailak ez dio frustrazio sentsaziorik eragingo jokalariari.

Eta armiarmak ikuste hutsak hotzikara sorrarazten badizu, zaude lasai. Izan ere, araknofobia dutenentako modu berezi bat aktiba daiteke, armiarma guztiak bolatxo iletsu bihurtzen dituena.

Webbed Steam, GOG eta Humble Store saltokietan dago eskuragarri, 7€ren bueltan.

 

Euskarazko itzulpena

Jokoa ofizialki itzulita ez dagoen arren, ordenagailurako eta Steam Deck kontsolarako bertsioetan instala dezakezu egin dudan itzulpena, horretarako fitxategia ibaios.eus webgunetik deskargatuz. Bertan aurkituko dituzu euskaratzeko argibideak.