Egungo kontsoletan nahiz PCan estreinatu du Kyle Thompson garatzaileak: Islets garatu ondoren, Hollow Knight erako klona sortu du.
Salbatu beharreko erresuma ilun bezain beldurgarria, itxura hauskorra duen protagonista txikia eta borroka zailak. Jokalari askori oso ezagunak egingo zaizkien ezaugarri hauen atzean daukagu atzo bertan estreinatutako Well Dweller metroidvania abentura.
Estreinatu, eta askoren begiradak erakarri: nire kasuan, radar azpitik igaro den titulua dela aitortu beharra daukat, niretzat egindakoa dela dirudien arren. Halere, prentsaren zein jokalarien aldetik jasotako balorazio ikaragarriei esker, behar duen oihartzuna eduki duela dirudi.
Kyle Thompson bakarkako garatzailearen lan berria da; alegia, Islets edo Crypt Custodian ezagunen arduradunarena —hauek ere sekulako iritziak biltzen dituzte—. Argi eta garbi Hollow Knight hartu du inspirazio iturritzat, berezko izaera duen Well Dweller hau eratzerakoan.
Pospoloa daraman Glimmer izeneko txori txikia gidatuko dute jokalariek: bere familia bahitu duen sorgin maltzurra erretzea izango da jomuga. Ipuin klasikoetako irudiak gogora ekartzen dituen estetikarekin —tartean, beldurrezko elementuak inplementatuta—, 2D metroidvanian borrokatzen, jauzi egiten nahiz esploratzen ariko gara: mapa erraldoia zeharkatuko dugula ikus dezakegu bideoetan.
Prezioa ere nabarmentzekoa da: 14 eurotan kaleratu dute —estreinaldia ospatzeko, beherapen txikiarekin eros daiteke— Thompsonek eta titulua babestu duten Top Hat Studios zein Doyoyo Games argitaletxeek.
Egungo plataforma nagusi guztietan plazaratu dute, gainera: PCan zein PlayStation 5, Switch 2, Switch eta Xbox Series kontsoletan proba dezakegu Well Dweller interesgarria. Erosi aurretik, doako demoan aritzeko aukera daukagu.
Lander Unzueta
Iruzkinak