Peter Jackson-en enpresako tresnak, baliabideak eta teknologia eskuratu dute motor grafikoa aberasteko eta hobetzeko.

Bideo-jokoak garatzeko ezinbestekoak dira motor grafikoak: jokoen oinarria dira, eta hauek osatzeko beharrezko tresnak eskaintzen dituzte. Unreal Engine, Godot eta beste hainbat motor grafiko daude, baina azken urteetan sekulako indarra hartu du Unityk; Hollow Knight, Cuphead, Ori and the Blind Forest eta askoz gehiago sortu dituzte motor honekin. Hobetzen jarraitzeko pauso berria eman du orain: efektu berezietan aditua den Weta Digital erosi du 1.625 milioi dolar ordainduta.

Albistearen berri emateko sarrera zabala prestatu dute Unitykoek enpresaren webgune ofizialean. “Weta Digitalen lanak 3D sorkuntzarako, simulaziorako eta errenderizaziorako tresnarik borobilena eratzen du“, adierazten dute bertan. Lortutako tresnekin “eduki sortzaileek bere proiektuak eratzeko tresna erabilerrazak eta errendimendu handikoak eskaintzeko helburua bizkortu” egingo dutela diote.

Tresnak aipatuta, Wetak 15 urteko ibilbidean sortutakoak zerrendatzeari ekin diote Unitykoek: askotariko zereginetara bideratutako Manuka, Gazebo, Loki, Lumberjack eta askoz gehiago bereganatu dituzte.

Ez hori bakarrik, Peter Jacksonen enpresak dituen baliabideen liburutegi osoa ere eskuratu dute: “inguruneak, modeloak, materialak, testurak eta askoz gehiago” aipatzen dituzte motor grafikoaren arduradunek. Tresna eta baliabide hauek kudeatzeko Wetako 275 bat langile hasiko dira Unityn lanean.

Facebook-ekin etengabeko elkarlanak egiten ditu Unityk; hori horrela, Mark Zuckerbergen etorkizuneko metabertsoa aipatu egin behar izen dute ezinbestean: “metabertsoaren potentzial osoa desblokeatzeko tresnak eskaintzea espero dugu”. Auskalo zer esan nahi duten horrekin.

WetaFX-k, baina, bere horretan lanean jarraituko duela nabarmendu dute ere. 1993an Peter Jacksonek sortutako enpresak filmentzako eta telesailentzako efektu bereziak eratuko ditu etorkizunean: aurretik Eraztunen Jaunaren trilogiako efektuak sortzeko lana egin zuen, beste hainbat ekoizpenen artean.