Txirrinduan lasterketak bizitzera eramango gaitu. Esploratzeko mundu zabala eta xarmagarria ikusiko dugu.
Annapurna Interactivek Wheel World uztailaren 23an argitaratuko dela jakitera eman du.
Messhof garatzaileak txirrindularitza bideojokoa proposatuko digu… baina ez edonolakoa. Txirrindu magikoa gidatuko dugu Wheel Worlden, eta unibertsoa salbatzeko bidaia hasiko dugu berarekin.
Bizikletan esploratzeko mundu irekia ikusiko dugu. Brutal Legend mitikoaren antza daukala esan daiteke: txirrinduak jainkotzat hartzen diren kokalekuak eta kulturak ezagutuko ditugu, txoko berezi mordoarekin.
Hauetan, zelan ez, lasterketak biziko ditu Kat protagonistak. Sasoia kontrolatzeaz gain, turboari nahiz jauziei adi ibili beharko gara, bidezidor sekretuz eta bestelako lasterbidez josita baitaude zirkuituak.
Sekulako ibilgailua bada ere, apurtuta eta hondatuta jasoko dugu txirrindu magikoa abentura hasieran. Hau hobetzeko pieza desberdinak eskuratzen joango gara: gurpilak, eskulekuak, jesarlekuak eta bestelakoak lortuko ditugu, estatistika desberdinak hobetuz eta gure gustura aldatuz. Kondairako piezak biltzea izango da gure protagonistaren zeregin nagusia abenturan.
Umorez eta xarmaz gainezka egiten duen abentura izango da Wheel World: demoa probatzeko aukera eduki genuen, eta abentura bikaina argitaratzeko aukera handiak dituzte Messhofekoek.
PCan eta PlayStation 5 zein Xbox Series kontsoletan argitaratuko da Wheel World, esan bezala, uztailaren 23an.
Iruzkinak