Dark Machine Games estudioaren jokoak ez dauka argitaratze datarik, baina demo luzea kaleratu dute PCrako.
Indie garatzaileak bideojoko interesgarriak plazaratzen jarraitzen dute. Ezagutu dugun azkena White Knuckle deitzen da: beldurrezko elementuak eskalada mekanika sakonekin uztartzen dituen obra bitxi bezain erakargarria.
Proposamena bera abiapuntu sinpletik hasten da. Saguaren ezkerreko botoiarekin ezkerreko eskuarekin ekintzak egingo ditugu; eskuinekoarekin esku horretakoak. Horrela, kokaleku nagusiki bertikaletatik gora eta behera ariko gara: ertzei eta bestelako eskulekuei helduta, koordinazioa eta erritmoa nahitaezkoak izango dira.
Igoerarik gogorrenetan nekatu egingo gara. Esku bakoitzak bere sasoi edo iraupena dauka: zuri kolorezkoak —hortik jokoaren izena— dira sasoi betean daudela, baina, nekatu ahala, gorriz tindatzen joango dira, indarrik gabe geratu arte.
Gutxi balitz bezala, inbentario sistema berezia prestatu dute egileek. Kokalekuetatik sakabanatutako hainbat objektu bilduko ditugu: energia berreskuratzeko edariak, mailuak eta iltzeak hartuko ditu gure protagonistak, besteak beste. Eskalatzen gabiltzala modu bizkorrean erabiltzeko menua ikusiko dugu; hori bai, traste gehiegi badaramatzagu, energia bizkorrago agortuko zaigu. Ahalik eta hoberen kudeatzeko lana edukiko dugu, hortaz.
Iltzeekin eta mailuarekin heldulekuak sortuko ditugu, baina bizkorrak izan beharko gara. Bukatzeko, makilak eta sokak ere hartuko ditugu hormetan sartzeko eta amildegirik sakonenak gainditzeko.
Aipatutako mekanikak fisiken sistema benetan txukunarekin lotuta doaz. Gure pertsonaiaren pisua nabariko dugu igoeretan, baina soketatik heltzerakoan eta bestelakoak egiterakoan ere mugimendua eta inertzia igarriko ditugu.
Hau guztia, esan bezala, beldurrezko elementuarekin lotzen du White Knucklek. Eraikin brutalistak bisitatuko ditugu, grisa eta beltza nagusi direla… baina bestelako misterioak ere aurkituta. Arriskutsuena gure atzetik igotzen joango den haragiz osatutako masa hilgarria izango da. Horren parte bilakatzea saihestu beharko dugu.
Interesgarria, ezta? Dark Machine Gamesek ez du argitaratze datarik zehaztu… zorionez, doako demo luzean proba ditzakegu esandakoak. Steam zein Itch.io saltokietan aurkituko dugu: tutorial sakonaz gain lehen maila joka dezakegu, speedrunner amorratuenei zuzendutako aukera pare batekin, gainera.
Iruzkinak